Apirileko hirugarren asteburuan egingo dute K argazki jaialdia

Ataria 2026ko otsailaren 18a

Azpilikueta antolatzailearen artxiboko irudia, beste edizio bateko kartelarekin. A. ARROYO

Apirilaren 17tik 19ra egingo dute K argazki jaialdia. Hiru egun horietan askotariko jarduerak izango dituzte, besteak beste, tailerrak, musika emanaldiak eta argazki rallya.

K argazki jaialdiaren edizio berria egingo dute apirilaren 17tik 19ra. Egitaraua, besteak beste, Ibon Azpilikueta Alegiako Argazkizaleen Elkarteko kideak antolatu du, eta Kabia kultur kabina proiektuaren barruan kokatu. Ostiraletik igandera hainbat tailer, musika emanaldiak eta argazki rallya izango dituzte. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera.

Apirilaren 17an musika eta argazkigintza uztartzeko aukera izango dute. Alegiako gaztetxean dj batek girotuta aterako dituzte argazkiak eta zuzenean errebelatu. «Prozesu benetan ikusgarria da, ia osorik argitan egiten baita. Momentuan ikus daiteke argazkia nola osatzen den paperaren gainean, eta koloretan», horrela hitz egin du Azpilikuetak egitarauko lehen hitzorduaren inguruan. Jardueraren beste berezitasun bat da formatu handiko kamerak erabiliko dituztela.

Larunbata, egun zentrala

Jardunaldietako bigarren egunean bi ikastaro izango dituzte: 10:00etatik 14:00etara Positivo directo b&w tailerra; eta 16:00etatik 20:00etara, berriz, Reversal RA4 tailerra. Goizekoa Cechu adituak gidatuko du, hain zuzen, Disparafilm blogaren arduradunak. Azpilikuetaren hitzetan, «jakintza handia du esparruan, eta oso komunikatzaile ona da. Oso interesgarria izango da, ziur». Arratsaldekoa, berriz, Contado Pierde proiektuaren arduradunak emango du, eta ostiral iluntzeko teknika bera izango da.

Aipatutako ikastaroez gain, larunbatean Intxurre elkartean bazkaltzeko aukera ere emango dute. Eta, berdin, afariarekin, izan ere, elkarrekin sagardotegi batean afaltzeko gonbidapena luzatu diete parte hartzaileei. Dagoeneko zabalik dago jarduera guztietan izena emateko epea, eta esteka baten bitartez egin daiteke.

Igandean, berriz, "Universo Polaroid" ikastaroa zuzenduko dute Azpilikuetak berak eta Julio Contrerasek. Antolatzaileak azaldu du Polaroid kamerak izango direla ardatza, eta zenbait trikimailu erakutsiko dituztela: «Horiek menperatuz asko hobetzen da kamerak erabiltzeko modua». Hari berari tiraka, azaldu du igandeko tailerra egokia izan daitekeela haurrekin ere egiteko.

Horrez gain, asteburu guztian argazki analogiko rallya ere egingo dute: 36 argazkiko karreteak erabiliko dituzte Alegiako asteburu horretako egunerokoa iruditan jasotzeko.

Gogoa eta interesa

Argazkilaritza analogikoari buruzko ikastaroak «prozesuaren gainerako kontrola» berreskuratzeko baliabidetzat ditu Azpilikuetak: «Digitalak abantaila asko baditu ere, badirudi prozesuaren gaineko erabakimena makinarengan dagoela, pertsonarengan baino. Prozesua hasieratik bukaerara kontrolatzea ahalbidetzen du, berriz, analogikoak». 

Bestalde, parte hartzeko «aparteko materialik» ez dela behar ere nabarmendu du: «Ez da behar formatu handiko kamerarik edo antzekorik. Norbaitek karreteak erabili eta makinarik izango ez balu, utziko genioke kameraren bat erabiltzeko ere». Antolatzailearen esanetan «gogoa eta interesa», horixe besterik ez da behar izena emateko: «Interes edo jakin-min pixka bat duen edonori daude bideratuta jardunaldiak; jakintzaren eta interesaren arabera aukera izango dugu norberak nahi dituen gaiak lantzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!