Zabalik da epea Alegiako ipuin-lehiaketara aurkezteko

Ataria 2026ko urtarrilaren 29a

Lehiaketarako proposatu duten irudia. ALEGIAKO UDALA

Bigarrenez antolatu du Alegiako Udalak ipuinen lehiaketa. Urtarrilaren 23tik dago zabalik parte hartzeko aukera, eta martxoaren 26a izango da horretarako azken eguna.

Alegiako Udalak bigarrenez antolatu du Alegiako Ipuin Lehiaketa. Oraingoan ere irudi batetik abiatuta idatzi beharko da kontakizuna, eta Lehen Hezkuntzako (LH) zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek har dezakete parte. Urtarrilaren 23tik aurkeztu daitezke lanak, eta martxoaren 26a izango da azken eguna. Sariak, berriz, apirilaren 24an banatuko dituzte, horretarako antolatutako ekitaldi batean.

Alegiako herritarrek edo herriko ikastetxeetako ikasleek hiru mailatan banatuta hartu ahal izango dute parte: A kategorian lehiatuko dira LH 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak eta 200 hitz baino gutxiago izan beharko ditu ipuinak; B kategorian ariko dira DBH 1. eta 2. mailakoak, eta gehienez 100 hitz izango dituzte kontakizunek; eta D kategorian 150 hitzeko muga izango dute DBH 3. eta 4. mailakoek.

Lanen ezaugarriak

Aipatutako hitz-mugaz gain, ipuinek hainbat baldintza bete beharko dituzte, horien artean, euskaraz izatea; beste nonbait saritu gabeko lan original eta argitaragabeak izatea; gaia librea bada ere, proposatutako irudia izango dute oinarri; ordenagailuz idatzita aurkeztu beharko dira; egile bakarra izango dute; eta egile bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztu ahal izango ditu.

Idazlanak liburutegian edo kultur etxean aurkeztu beharko dituzte egileek, eta modu zehatz batean egin beharko dute:

  • Ipuinak gutun-azal batean itxita aurkeztu beharko dira.
  • Gutun-azalaren gainean «Alegiako II. Ipuin Lehiaketa» eta egilearen kategoria idatzi beharko dira. 
  • Barruan, bi multzotan bereizi beharko dira egilearen datuak eta idazlana:
    • Orri batean, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta adina.
    • Beste orri batean, idazlanaren kopia.
  • Aurkeztutako lanaren izenburu bera jarri beharko da egilearen datuekin batera.

Udaletik adierazi dute hainbat irizpide izango dituztela kontuan lanak baloratzeko garaian, horien artean, hizkuntzaren erabilera, gaiaren originaltasuna, narrazioaren egitura, eta emandako irudiaren eta testuaren arteko «bateratzeko maila».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!