Oinarrizko futbolean ingurune osasungarriagoak sortzea da egitasmoaren helburua, haur eta gazteen ongizate emozionala lehen lerroan jarrita.
Ongizatearen alde talde lanean izeneko programak bi tailer osagarri izango ditu. Lehenengoa, entrenatzaileei zuzendua, urtarrilaren 27an egingo da, lidergo positiboa eta ongizate emozionala lantzeko. Bigarrena, guraso eta entrenatzaileentzat, otsailaren 3an izango da, gurasotasun positiboa, komunikazioa eta emozioen kudeaketa ardatz hartuta. Bi saioak Alegiako kultur etxeko areto nagusian egingo dira.
Tailerren bidez, kirol testuinguruan ohikoak diren egoerei helduko zaie, hala nola presioaren kudeaketari, porrotaren aurreko jarrerari, errespetuari, talde kohesioari eta haurrekiko laguntza emozionalari. Helburua da entrenatzaileei eta familiei tresna praktikoak eskaintzea, futbola hazkunde pertsonalerako eta sozialerako espazio segurua izan dadin.
Prestakuntza programa hori balioetan oinarritutako kirol eredu baten aldeko apustua da, non garapena garaipenetik harago ulertzen den: ahalegina, errespetua, lankidetza eta ongizate mentala oinarri hartuta. Intxurre KEk izen-ematea zabalik dagoela gogorarazi du, eta klubeko kideei parte hartzera animatzen die.
Bestalde, futbol taldeak eskerrak eman dizkie Alex Remiro Fundazioari, FutbolMasi eta ekimena babestu duten gainerako eragileei, eta oinarrizko futbolean ongizate mentala sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.