Hilabeteak daramatza martxan Alegia Zainduz prozesu parte hartzaileak. Alegiako Udalak koordinatzen du ekimena, eta hainbat fase garatu dituzte dagoeneko. Herriko hainbat eragilek hartu dute parte adinekoen zaintza erdigunean jartzen duen ekimen horretan; eta, hain zuzen, horiek guztiek osatzen dute Zaintza Mahaia. Maiatzean galdetegi bat prestatu zuten herritarrek zaintzaren inguruan zuten iritzia emateko eta, horrek, Alegiak zaintzaren inguruan duen egoeraren argazki bat egiteko balio izan zien.
Galdetegi horretan jasotakoekin eta zaintzaren inguruan inplikazio zuzena duten eragile ugariren ekarpenekin, Zaintza Mahaiak behar ezberdinak identifikatu eta Zaintza Plana osatu du hemendik aurrera egin beharreko esku hartzeekin. Bada, plan horren berri herritar guztiei emateko aurkezpen irekia egingo dute urtarrilaren 22an, 16:30ean, kultur etxean. Herritar guztiei bertaratzeko gonbidapena egin die Alegiako Udalak, zuzenean jaso dezaten aurrera begira emango dituzten urratsen berri.