Alegiako 25. egutegia kalean da

Ataria 2025eko abenduaren 30a

Datozen egunetan banatuko dute etxez etxe. Egutegiaren azalean orain arteko egutegietara jotzeko aukera jarri dute.

Aurten 25. egutegia osatu dute Alegian. Herriko argazkiz eta bertsoz osatu dute, eta datozen egunetan Alegiako etxe guztietan banatuko dute. Banatu gabe gelditzen diren aleak udaletxean utziko dituzte, nahi duenak eskatu ahal izateko.

Alegiako argazkizaleen taldea arduratzen da herriko argazki zaharrak aukeratzeaz eta bertso eskolak argazki eta hilabete bakoitzari bere bertsoa jartzen dio. Alegiako Udalaren babesean egiten da egutegia, eta aurtengoa berezia izango da, izan ere, egutegiaren azalean orain arte atera diren egutegi guztien QRa jarri dute. Horien bitartez, Alegiakoargazkiak.eus orrialdera joan eta bertan ikusi ahal dira 25 urteetan kaleratutako egutegiak.

Lehenengo egutegia 2002 urtean egin zuten. Alegiako argazkizaleen taldea argazkiak biltzen hasi zen urte pare bat lehenago, eta A.K.O. aldizkariko taldearekin batera pentsatu zuten egutegi bat kaleratzea herriko argazki zaharrekin. Esaera zaharrak eta atsotitzak azaltzen ziren orrietan, eta Alegia bizirik ! Erosketak herrian kanpainaren lemapean, herriko dendariak nahiz tabernariak izan ziren babesleak, A.K.O. aldizkariarekin batera. Aurten zendu den Eduardo Tormo izan zen lehen ale haien bultzatzaileetakoa.

2006ko alean, esaterako, Zazpi astoren gainean Alegiako bertsozale taldeak orri bakoitzeko bertso bat jartzeko lana hartu zuen. A.K.O aldizkariko taldea eta Alegiako Argazkizaleen Taldearekin batera, bertso eskolak ere parte hartu zuen, beraz. Eta, herriko komertzioek eta udalak babestu zuten. 

2016tik aurrera, Alegiako Udalak babestu du egutegia, eta A.K.O. aldizkariaren nahiz laguntzaileen lana bukatutzat eman zen. Bertso taldeak, orain Harituz taldearen barnean, jarraitzen du bertsoak egiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!