Pilota finalak eta omenaldi hunkigarria, Alegian

Leyre Carrasco 2025eko abenduaren 30a

Goizean jokatu dituzte XXIII. Gaboneko Pilota Topaketako finalak Alegiako pilotalekuan, eta hitzordua baliatu dute urrian zendu zen Eduardo Tormo zizurkildarra omentzeko.

Intxurre Pilota Elkarteak, Amezketa, Altzo, Ikaztegieta, Abaltzisketa eta Alegiako guraso eskolekin batera antolatu ohi duen Gabonetako Pilota Topaketako finalak jokatu dituzte goizean. Hogeita hirugarren edizioa izan dute aurtengoa, eta guztira, binakako lau partida jokatu dituzte Alegiako pilotalekuan.

Aurrebenjaminetan, Ekhi Renobales Balerdi baliarraindarrak eta Haritz Pikabea Amundarain ikaztegietarrak osatutako bikoteak 12-7 irabazi dute Xuhar Ozaita Aranburu baliarraindarrak eta Inar Lasa Arrayet alegiarrak osatutako bikotearen aurka.

Benjaminetan, Eñaut Nazabal Mendizabal baliarraindarrak eta Aiert Jauregi Agirresarobe orendaindarrak osatutako bikoteak 12-6 gailendu dira Mikel Zuriarrain Tejeria amezketarraren eta Mikel Mendizabal Gonzalez altzotarraren aurka jokatuta partidan.

Alebimetan, berriz, Mikel Balerdi Lima amezketarrak eta Jon Larrarte Peña alegiarraren 12-11 irabazi dute Markel Erauskin Bergaretxe altzotarraren eta eta Ekaitz Letamendi Sagastume amezketarraren aurka.

Amaitzeko, infantil eta kadete mailan, Amets Azpilikueta Irazustabarrena eta Egoi Garaikoetxea Artieda alegiarrek 12-3 irabazi diete Eihar Lertxundi Romo amezketarrak eta Aitor Arteaga Zubeldia baliarraindarrak osatutako bikoteari.

EDUARDO TORMO GOGOAN

Finalean ostean, 80 urte zituela, urriaren 4an zendu zen Eduardo Tormo zizurkildarrari omenaldia egin diote frontoiaren atarian. Valentzian jaioa zen Tormo, baina soldaduska amaitu eta Andaluzian soldadura ikastaro bat egin zegoela ezagutu zuen Gurutze bikotea. Bilbon bizitzen jarri eta 30 urterekin AEKn euskara ikastea erabaki zuen eta magisteritza ikasketak egitea. Bilboko Zurbaranbarri ikastetxean eman zituen irakasle aurreneko urratsak. 1982. urtean Zizurkilen Urkiti etxea erosi eta 1985n bizitzera etorri ziren. Lehenengo Ereñotzun eta gero Asteasun, Alkizan, Berastegin eta azkeneko hamabost urteak Alegiako herri eskolan egin zituen irakasle.

Hortik kanpo ezinbestekoa izan zen Alegiako beste hainbat dinamika martxan jartzen; pilota eskola edo futbol taldearen bultzatzailetako bat izan zen, herriko kultur aldizkarian ere aritzen zen eta mendi irteera ugari antolatu zituen Mendiko Asanblada sustatu arte, besteak beste. Gaur ospatu duten pilota topaketako bultzatzailetako bat ere izan zen, eta horregatik, hemendik aurrera txapelketak Tormoren izena eramango du; alegia, Gabonetako Eduardo Tormo Pilota Topaketa izango da.

Hori guztiagatik, gaur, aitortza egin diote pilotalekuaren atarian. Bertan izan dira haren senide eta lagunak, baita herritar ugari ere. Intxurre Pilota Eskolako kideek ez ezik, Intxurre Futbol Taldeko, Alegiako Mendiko Asanbladako eta Guraso Elkarteko kideek oroigarriak banatu dizkiete senideei. Horrez gainera, plaka bat ere zintzilikatu dute pilotalekuaren atarian, eta horretan Tormoren irudia ez ezik, denek batera abestu duten bertsoa agertzen da. Hona hemen bertsoa [Doinua: Isikin hontatik idazten dizut]:

Nola maitatu leike hainbeste
zure herria ez dena?
Musutruk zenbat lan egin zendun
urte luzeetan barrena.
Zurekin egon ginen denontzat
Eduardo zer zarena?
Herriko kirol hastapenetan
izen garrantzitsuena
(Zurekin egon ginen denontzat
Eduardo zer zarena?)
Kakanarrook imitatzeko
adibiderik onena.

Amaitzeko, herriko dantzari eta txistulariek Agurra egin diete haren senideei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!