Zehaztuta daude finalak

Ataria 2025eko abenduaren 29a

Alegiako Eguberrietako 3. Pala Txapelketaren bigarren finalerdiak jokatu ziren ostiralean, eta emakumezkoetan Macicior-Zubelzu eta gizonezkoetan Goitia-Zabala sailkatu ziren finaletarako.

Bigarren finalerdietan emakumezkoetan Macicior-Zubelzu izan ziren garaileak 25-9 Olanoren eta Ugartemendiaren aurka. Berez 9-3 irabazten joan ziren Olano eta Ugartemendia, baina azken horrek lesioa izan zuen sorbaldan eta aurkariek lortu zuten garaipena. Gizonezkoetan Goitia eta Zabala bikoak 25-18 irabazi zioten Altuna eta Rodriguez bikoari.

Hori horrela, ostiral honetan, urtarrilak 2, jokatuko den finaletan ondorengo bikoteak ariko dira: emakumezkoetan Balerdi (Beotibar) eta Murua (Intxurre) bikoa Macicior (Hernani) eta Zubelzu (Intxurre) bikoaren aurka, eta gizonezkoetan Goitia (Beotibar) eta Zabala (Intxurre) bikoa Urdangari eta Luluaga bikoaren (Mundarro) aurka. Jaialdia Elorri pilotalekuan izango da, eta 18:30ean hasiko da. Sarrera doan izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!