Intxurre Pilota Elkarteak Alegiako 3. Gabonetako Pala Txapelketa antolatu du. Lehen partidak ostiral honetan jokatuko dira 19:00etan hasita. Finalerdietako lehen jardunaldia izango da, eta bigarrena hilaren 26an jokatuko da ordu berean. Finalak urtarrilaren 2an izango dira, ordutegi berean. Emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketak jokatuko dira, eta goi mailako partidak ikusiko direla esan du Alex Sanchez antolatzaileak.
Regina Sorarrain alkateak azaldu duenez, «udalaren aldetik Alex Sanchezi eskerrak eman besterik ezin dugu egin. Bera arduratzen da guztiaz, eta udalak zer gutxiago hau sustatu baino». Bere aldetik, Sanchezek eskerrak eman dizkio udalari eta Intxurreko taldekideei beraien laguntzarengatik, «txapelketa bestela ezingo litzatekeelako aurrera eraman».
Hilaren 19ko finalerdian, emakumezkoen partidan Beotibar elkarteko Balerdik eta Intxurreko Nagore Muruak osatutako bikoak aurkari izango du Intxurreko Ana Agirrek eta Beotibarko Aranburuk osatutakoa. «Partida nahiko lehiatu izango dela dirudi, eta espero dugu maila ona ikustea». Gizonezkoen neurketan Gipuzkoako bigarren mailako txapelketaren finalaren errebantxa izango da. Bi bikoteak lehen mailara igo dira. Alde batetik, Urdangarin eta Luluaga bikoak jokatuko du, Alegiako iazko txapelketaren irabazleak. Aurkari Aldalurrek eta Zubillaga alegiarrak osatutako bikotea izango dute. «Sekulako maila du Zubillagak, eta gogoz gaude herriko frontoian jokatzen ikusteko», esan du Sanchezek.
Hilaren 26ko jardunaldian, emakumezkoen finalerdia Intxurre elkarteko Uxue Olanok eta Ainhoa Ugartemendiak osatutako bikoak jokatuko du, Hernaniko Macicior eta Intxurreko Zubelzu bikoaren aurka. «Olano eta Ugartemendia Gipuzkoako Txapelketan aritu dira bai gomaz eta bai larruz, eta orain Euskadiko Txapelketa jokatuko dute». Maciciorrek lehenengo urtean irabazi zuen txapelketa. Gizonezkoetan derbia jokatuko dela zehaztu du Sanchezek: «Batetik, Beotibar elkarteko Mikel Goitia altzotarrak eta Haritz Zabala alegiarrak osatutako bikotea. Bestetik, Intxurre elkarteko Gorka Altuna alegiarrak Beloki elkarteko Rodriguezek osatutakoa. Bi alegiarren arteko partida, beraz, eta herrian ikusmina sortzen ari da».
Finalen egunean, lehenengo emakumezkoena jokatuko da, eta ondoren gizonezkoena. Jardunaldi guztietarako sarrera doan izango da, eta finalen egunean hainbat zozketa antolatuko dituzte. «Espero dugu jendea pilotalekura etortzea eta partidekin gozatzea».