Kirol Herri saioa egingo da Elorri pilotalekuan

Ataria 2025eko abenduaren 4a

Nerea Arruti izango da saioan parte hartuko duen kirolarietako bat.

Abenduaren 8an, datorren astelehenean, Kirol Herri saioa jokatuko da Alegiako Elorri pilotalekuan. 12:00etan hasiko da jaialdia eta bertan herri kiroletan puntan dabiltzan zortzi kirolarik hartuko dute parte, bi taldetan banatuta.

Talde batean Laiene Pikabea, Mikel Larrañaga, Lierni Osa eta Mikel Lopetegi Urra ariko dira, eta bestean Nerea Arruti, Hodei Ezpeleta, Gari Garnendia eta Maddi Gesalaga. Herri kirol saioa ikusteko aukera dago eta sarrera doan izango da.

Saioak hiru txanda izango ditu. Lehenengoan bakarkako lanak, taldekide bakoitzak aurkako taldeko partaidearen aurka jardun beharko du. Bigarrenean bikotekako lanak edo lan mistoak egingo dituzte, eta gizon eta emakume elkarlanean arituko dira bai harri-jasotzen baita aizkoran ere, aurkako taldeko bikoteen aurka. Azkenik taldeko lan edo lan konbinatua izango da, talde guztia, eta harri-jasotzaile zein aizkolari, gizon nahiz emakume elkarlanean ikusiko dira.

Ondorengo lanak egingo dituzte:

Bakarkako lana
- Gizonezko harri-jasotzailea: 125 kg zilindro zaharra minutu eta erdi.
- ⁠Emakumezko harri-jasotzailea: 87,5 kg errektangularra minutu eta erdi.
- ⁠Emakumezko aizkolaria: 45 ontzako enborra abiaduran.
- ⁠Gizonezko aizkolaria: 60 ontzako enborra abiaduran.

Binakako lanak
- Harri-jasotzaileek: 112,5 eta 62,5 kg-ko kubikoarekin 35 jasoaldi ematera.
- ⁠Aizkolariek: 45 ontzako enborra emakumeak + kanaerdikoa txanda librean + 45 ontza zutik gizonezkoak.

Lan konbinatua, 4 itzuli
- Harri-jasotzaileek 100 eta 63,5 kg-ko bolari 16 jasoaldi (4-4-4-4) + aizkolariek 60 ontzako enborra txanda librean (gutxienez 15 kolpe aldeko).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!