Bederatzi talde ditu 2025/2026 denboraldian Alegiako Intxurre futbol klubak, aurreko denboraldian baino bi gehiago. Gizonezkoetan erregionalean Gorengo mailan eta Lehen mailan, jubenilen Ohorezko mailan, kadeteen Gorengo mailan eta bi infantiletako Lehen mailan; eta emakumezkoetan Gorengo erregional mailan, kadete mailan eta infantilen futbol8 mailan.
Talde berrietako bat gizonezkoen senior mailako bigarren taldea da. «Gizonezkoen erregionaleko taldea mailaz igo zen aurreko denboraldian, eta gazte mordo bat bazegoen jokatzeko gogoz, baina ez zuten aritu nahi Gorengo mailan», esan du Patxi Renobales klubeko koordinatzaile orokorrak. «Beheko mailan jokatzeko taldea osatuko zutela esan zuten. Bestalde, lehen utzitako batzuk ere bazeuden, eta 23 bat elkartu ziren taldea osatzeko».
Beste talde berria erregional mailako emakumezkoena izan da. Klubak asmoa zuen talde bat osatzeko datorren denboraldian edo hurrengoan, gaur egun kadete mailan daudenei jarraitzeko aukera emateko. «Lehen Intxurretik joandako zazpi bat neska, bai Goierri Gorrira eta bai Aiztondora, etorri zitzaizkigun herrian talde bat sortzeko gogoz», esan du Renobalesek. «Lehen ibilitako beste zortzi bat elkartu ziren eta taldea atera genuen». Orain dela bost bat urte izan zen erregional mailako emakumezkoen taldea.
Guztira 180tik gora jokalari ditu federatuta Intxurrek. Horiez gain, Futbol Eskolan 82 haur daude. Lau talde daude hor: benjaminetan bi, lehenengo urtekoa eta bigarrengo urtekoa, eta alebinetan ere beste bi, lehenengo urtekoa zein bigarrengokoa. Lau taldeak mistoak dira, hau da, neskek eta mutilek elkarrekin jokatzen dute. «Alegiako eta inguruko herrietako gaztetxoek parte hartzen dute», azaldu du Ane Balerdik, Futbol Eskolako arduradun taldeko kideak. Renobalesek nabarmendu duenez, «orain lau bat urte jarri genuen martxan Futbol Eskola, eta lehen Tolosara joaten ziren inguruko herrietako haurrak orain hemen geratzen zaizkigu. Hori guretzako ona da etorkizunera begira». Intxurren jokatzeko haurrak «sekulako ilusioarekin» egoten direla gaineratu du Balerdik.
Dena ez da, ordea, urre kolorekoa Alegiako futbol klubean. Gizonezkoen erregionaleko lehen taldea Gorengo mailan dagoenez, entrenatzaileak UEFA B titulua izatea eskatzen du federazioak, baina gaur egungo entrenatzaileak ez du. Jubenilen taldea Ohorezko mailan dago, horretarako ere UEFA B titulua eskatzen du, eta hor dagoen entrenatzaileak badu. Lehen ez bezala, gaur egun Gipuzkoako Futbol Federazioa entrenatzaile-tituluekin tematuta dabilela esan du Renobalesek.
Bazter guztietan bilatzen ibili direla gaineratu du klubeko koordinatzaileak, baina ezin dutela lortu. «Hor gabiltza borrokan federazioarekin eta entrenatzaileen elkargoarekin norbait topatzeko. Federazioak urte bukaera arteko epea eman digu beharrezko titulazioa duen entrenatzailea topatzeko, bestela zigorrak jartzen hasiko zaizkigu. Beraz, aprobetxatzen dugu esateko UEFA B titulua duen entrenatzaile bila gabiltzala, eta ea norbait animatzen den Intxurrera etortzera».
Emakumezkoen infantil mailako futbol8ko taldea. PATXI RENOBALES
