Uztailaren 4an egingo da II. Tolosaldea Ultra Trail Erronka

Ataria 2025eko azaroaren 13a

Aurtengo UTT Erronkan, korrikalari bat Alegiako zubitik igarotzen.

Alegian hasi eta bukatuko da bigarrengo Tolosaldea Ultra Trail Erronka. Euskadiko Ultra Txapelketa izango da jokoan.

UTT Erronka probako antolatzaileek jakinarazi dute bigarren edizioa 2026ko uztailaren 4an egingo dela. «Ohore handia da gure lasterketa euskal trail munduarentzat hain esanguratsua den data batean ospatzea», zehaztu dute antolatzaileek, eta gaineratu: «Eskerrik asko Ehunmilak Ultra Trailekoei bere laguntza eta ulermenagatik. Ziur gaude 2027an berriro elkartuko garela». Ehunmilak Ultra Traileko probak uztailean egin ohi dira, baina datorren urtean ez dituzte antolatuko.

Aurten egin zen lehen aldiz UTT Erronka; irailean izan zen, eta Irura izan zen hasiera eta helmuga. Proiektua aurkeztu zenean esan zen moduan, aldatuz joango da hasiera zein helmuga izango den herrian, eta datorren edizioa Alegia izango da. Bestalde, Euskadiko Ultra Txapelketa izango da jokoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!