Bi hilabete eta erdiko egitaraua, gaztetxeko urteurrena ospatzeko

Ataria 2025eko azaroaren 12a

Endika Arnedo eta Oneka Artola kideak, Alegiako gaztetxean. A. ARROYO ASKARAI

Ostiralean egingo dute lehen jarduera: zerbeza feria. Hortik aurrera hainbat proposamen prestatu dituzte «gustu eta adin» guztientzat.

Aurten 38 urte beteko ditu Alegiako gaztetxeak eta bi hilabete eta erdiko egitaraua osatu dute ospatzeko. Urteurrena abenduan bada ere, ostiralean —hilaren 14an— egingo dute lehen jarduera: zerbeza feria. Hortik aurrera, «askotariko proposamenak» prestatu dituzte «gustu eta adin» guztientzat.

Ostiraleko azokan, guztira, hamaika garagardo dastatzeko aukera emango dute, eta zahagi-ardoaren ondoren, erromeria izango da «urtero bezala». Nolanahi ere, hortik abiatu eta mota askotako jarduerak prestatu dituzte, horien artean, mus txapelketa, Euskararen egunean murala margotzea, Intxurre antzerki taldearen Argi dago! antzezlana, kontzertuak eta Antton Telleriaren Ninini bakarrizketa.

Egindakoarekin, gustura
Oneka Artola eta Endika Arnedo kideek azaldu dute gustura geratu direla egitarauarekin: «Garaiz ibili gara musika taldeekin hitz egiten; eta guk haiengana ez-ezik, izan da guregana jo duenik ere». Hori horrela, zenbait hitzordu herriko eragileekin antolatu dituzte, kasurako, Intxurre antzerki taldearen emanaldia: «Iaz ere aritu ginen elkarlanean, eta emaitza oso ona izan zen».

Antolatzaileen iritziz, mota askotako jarduerak antolatzeak aukera ematen die herriko «jende ezberdina» gaztetxera gerturatzeko: «Jendea ohituta dago gaztetxera hurbiltzera, 38 urteko ibilbidean asko bertatik pasatakoak direlako. Baina horrelako ekimenek erraztu egiten dute etortzea».

Urteurrena abenduan
Ostiraletan egingo dituzte jarduera gehienak, baina erdigunean jarri dute egun bat: abenduaren 13a. «Ez dakigu zehazki zein egunetan okupatu zuten, baina bai abenduan izan zela. Egun horretan ospatuko dugu urteurrena», horrela hitz egin dute kideek Gaztetxearen Egunaren inguruan.

Babarrun jatearekin hasiko dute egun hori, segidan «karro poteoa» izango dute, eta, eguna bukatzeko, Lehen Lerroa eta Añube musika-taldeak izango dira oholtza gainean. «Herriko eragile nabarmen bat da gaztetxea, eta horrelako jarduerak antolatzen jarraitzea garrantzitsua da, besteak beste, herriari bizia emateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!