Amaitzear dira Larraitz auzoko ekialdea berritzeko lanak

Ataria 2025eko azaroaren 12a

Berritu duten auzoko eremuetako bat. ALEGIAKO UDALA

Iazko irailean hasi zituzten auzoaren eremu bat berritzeko lanak; hemendik aurrera zenbait aldaketa izango dira trafikoaren norabidean. Aldaketak errespetatzeko dei egin du Alegiako Udalak.

Alegiako Udalak jakinarazi du amaitzear direla Larraitz auzoaren ekialdea berritzeko lanak. Iazko irailean hasi zituzten lanak eta helburu izan dute «herritarren bizi kalitatea hobetzea». Horretarako, irisgarritasuna eta auzoak ikastetxearekin zein kiroldegiarekin dituen loturak hobetu dituzte.

Aipatutako lanez gain, kale argiteria ere berritu dute LED argiekin. Udalak adierazi du behin lanak amaituta «berrikuntzetara ohitu» beharko dutela, eta dei egin du auzoan ezarri dituzten norabide zein garajeetarako sarrera-irteerak errespetatzeko.

Bi milioiko inbertsioa
Obra egiteko, guztira, bi milioi inguru bideratu dituzte eta kopuru horren % 85 ordaindu du Alegiako Udalak. Eusko Jaurlitzako Erein programatik, berriz, 300.000 euroko diru laguntza jaso du. 

Udaletik azaldu dute laguntza hori jasotzea ahalbidetu duela lanetan irisgarritasuna, energiaren efizientzia (argiteria) eta hirigintza zein hornidura berritzeak eta garatzeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!