Altzarien zozketa alegiarren artean

Ataria 2025eko azaroaren 6a

Zozketan parte hartzeko zenbait baldintza bete eta aurretik izena eman beharko da. Horretarako azken eguna azaroaren 10a izango da.

Alegiako osasun zentroa eraberritzeko lanak hastear direla-eta, jubilatuen taberna eta elkartearen egoitza itxita egongo dira, horiek ere eraberrituko dituztelako. Bada, Alegiako Udalak interesa duten herritarren artean zozketa bidez banatuko ditu tabernan eta elkartearen egoitzan dauden altzariak.

Zozketan parte hartzaileen izenak aterako dira banaka eta une horretan geratzen diren sorten artetik bat aukeratu beharko dute. «Aulkiak, mahaiak, armairuren bat… Mota horretako altzariak daude eta sorta ezberdinak prestatuko ditugu», adierazi dute udaletik.

Familia unitate bakoitzeko pertsona bakarrak eman ahal izango du izena eta zozketaren unean berak edo ordezkariren batek egon beharko du. 

Nola parte hartu
Zozketan parte hartu nahi duten herritarrek hiru modutara eman ahal izango dute izena: Alegiako Udaleko web orrialdeko lotura baten bitartez, gizarte zerbitzuen bulegoan edo kultur etxean. Izena emateko epea zabalik dago, eta azaroaren 10a —astelehena— izango da azken eguna.

Parte hartzeko, aipatutakoez gain, bi baldintza bete beharko dira: batetik, 18 urtetik gora izatea; eta, bestetik, Alegian erroldatuta egotea. Zozketa azaroaren 14an egingo dute, 18:00etan, elkartearen egoitzan. Herritarrek arduratu beharko dute egokitzen zaien sorta garraiatzeaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!