I. Txupitxu Bizikleta Eune antolatu dute

Ataria 2025eko azaroaren 4a

Txupitxu Kirol Klubekoak MTB zirkuituak atontzen enduro martxarako. TXUPITXU

Alegiako Txupitxu Kirol Klubak I. Txupitxu Bizikleta Eune antolatu du larunbat honetarako. Egun osorako egitaraua egingo dute mendi bizikleta ardatz hartuta.

09:00etan Alegiako MTB zirkuituak ezagutzeko enduro martxa egingo dute. Behin hori amaituta, 14:00etan parrillada izango da plazan parte hartzaile guztientzat eta ondoren zinta karrera egingo da opariekin. 16:00etan haurrentzako ginkana batekin osatuko da egitaraua.

Bihar bukatuko da I. Txupitxu Enduro Martxan izena emateko epea. Izan ere, parte hartzeko derrigorrezkoa da izena ematea. Interesatuek Rockthesport.com webgunearen bitartez egin dezakete, eta prezioa 20 eurokoa da. Ez da lehiakorra izango, beraz, ez da sailkapenik izango. 09:00etatik 13:00etara bitartean izango da ekitaldia, eta aseguruak ordutegi horretan bakarrik estaliko ditu istripuak. Ordutegi horretatik kanpo, antolakuntza ez da gertatutako ezbeharren erantzule izango.

Martxaren segurtasun arauei dagokienez, kasko homologatua erabiltzea derrigorrezkoa izango da ibilbide osoan zehar, eta belaun-babesak eramatea gomendatzen dute. Bestalde, parte hartzaile bakoitza arduratuko da bere bizikletaren egoera teknikoa egokia dela ziurtatzeaz. Ibilbidean jarriko diren seinaleak eta antolatzaileen jarraibideak zorrotz bete behar direla jakinarazi dute, eta ez betetzeak zigorrak edo martxatik kanporatzea ekar dezakeela. Antolatzaileek gaineratu dutenez, ibilbidea behar bezala seinaleztatua egongo da kartel, zinta eta markekin, eta GPS track bat deskargatzeko eskuragarri egongo da.

Martxa ingurune naturalean egingo dela ekarri dute gogora. «Ingurumena zaindu, ez utzi zaborrik eta errespetatu mendian dabiltzan beste erabiltzaileak», zehaztu dute antolatzaileek. Era berean, debekatuta egongo da «jarrera oldarkorra, arriskutsua edo iraingarria izatea» beste parte hartzaileekin edo antolatzaileekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!