Alegiako Udalak topografikoki erregistratuko ditu herriko landa-eremuko lursailen mugak. Proiektua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen sailaren diru laguntza izango du, eta Geograma enpresa arduratuko da lana gauzatzeaz. Landa-eremuan kokatutako 193 hektarea jorratuko ditu, non 268 lursail mugatu beharko dituzten.
Udaletik adierazi dute mugak «nahastea edo besterik gabe desagertzea» eragiten duela jabeen edo haien oinordekoen landa-ondasunen inguruko ezagutza faltak; eta, horrek, «mendia ez zaintzea eta ondorio larriak» eragiten dituela landa munduan.
Elkarlana ezinbestean
Era berean azaldu dute proiektuaren helburuak direla, besteak beste, mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea zein zuzentzea eta mugei zein mugarriei GPS koordenatuak ematea. «Lan hauek behar bezala burutzeko 95 jabe baino gehiagoren kolaborazioa izatea ezinbesteko baldintza da, zeinak auzokideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu behar dituzten».
Lan horiek amaitutakoan, markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak dituzten planoak emango dizkiete jabeei; eta, behar izanez gero, Katastroko mugak zuzendu.
Alegiako Udalak jabeen lankidetza eskatu du mugakideekin mugak adosteko eta nabarmendu «ezinbesteko baldintza» dela lanak egiteko: «Auzokideen artean adostasunik ez badago, proiektua ezin da gauzatu. Jabeen parte-hartzea borondatezkoa da eta ez die gastu ekonomikorik ekarriko. Hori bai, aldez aurretik, mugak garbitu, mugarriak topatu eta mugakideekin mugak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egiteko».
Hori horrela, Alegiako 2. poligonoko landa-lursailen jabe guztiei gutun bat bidaliko diete azaroaren 19an Alegiako udaletxeko pleno aretoan egingo duten proiektuaren azalpen-bilerara gonbidatzeko.
