Zenbait trafiko eragozpen izango dira Larraitz auzoan

Ataria 2025eko urriaren 23a

Alegiako Larraitz auzoko obrak, iazko urrian. ALEGIAKO UDALA

Auzoaren ekialdea berritzeko lanek eragingo dituzte oztopoak Kikara gozotegiko eta Errotatxo okindegiko sarbideetan. Lanek iraun bitartean ordezko zenbait bide erabili beharko dituzte herritarrek.

Alegiako zenbait bidegurutze itxita egongo dira hainbat egunez Larraitz auzoaren ekialdea berritzeko lanak amaitzeko. Udalak adierazi duenez «amaitzetik gertu» dago obra, eta «azken erremateak» emateko itxita egongo dira Kikara gozotegitik auzoaren ekialdera sartzeko bidea eta Errotatxo okindegi ondotik Larraitz 4 eraikin aldera sartzeko bidegurutzea.

Kikara gozotegiko sarbidea astebete inguruz egongo da itxita; eta, ordezko bide modura, ikastetxearen eta Larraitz 1 eraikinaren arteko pasabidea erabili beharko dute herritarrek, sartzeko zein ateratzeko.

Errotatxo okindegi ondotik Larraitz 4 eraikin alderako sarbidea, berriz, urriaren 27an —datorren astelehenean— itxi eta bizpahiru egunez egongo da itxita. Lanek iraun bitartean Larraitz 4 azpiko garajeetarako sarbidea «ezohiko neurri modura» Larraitz 14 eraikinaren ondotik egin beharko da, berezko noranzkoaren kontrako zentzuan. Udalak aurreratu du litekeena dela «lanak egin ahala» ohiko lekutik sarbideren bat ahalbidetzea.

Lanak amaitzen dituztenean ohiko sarbideak eta norabideak berrezarriko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!