Arratsaldean, harri jasotzaileen XVII. Txintxarri Saria jokatu dute hiru bikotek, Alegiako herriko plazan. Beñat Telleriak eta Xabat Olaizolak osatu dute lehen bikotea; bigarrena, Mikel Lopetegi Urrak eta Aimar Galarragak; eta azkena, Jokin Eizmendik –azken orduan sartu da, min hartuta dagoen Paulo Azpiazuren ordez– eta Gari Garmendiak.
125 kiloko lau harri, eta guztira, 125 jasoaldi bikote bakoitzak. Hori zen lana. Lehen bi harriak, banaka jaso behar zituzten. 125 kiloko zilindro zaharrarekin hasi dira; 25 aldiz jaso du bikoteko kide batek. Telleriak 2 minutu eta 46 segundo behar izan ditu, Urrak 2 minutu eta 18 segundo, eta Garmendiak 3 minutu eta 21 segundo. Bigarren harria 125 kiloko koadroa izan da; 30 aldiz jaso du beste bikotekideak. Olaizolak 3 minutu eta 11 segundoan egin ditu jasoaldiak, Galarragak 4 minutu eta 15 segundo behar izan ditu, eta Eizmendik 3 minutu eta 47 segundo.
Hirugarren lanean, binaka aritu dira harri jasotzaileak, txanda librean, 125 kiloko kubikoarekin. Bikote bakoitzak 35 aldiz jaso du. Telleria eta Olaizola izan dira azkarrenak. 3 minutu eta 47 segundo behar izan dituzte, Urrak eta Galarragak zortzi segundo gehiago, eta Eizmendik eta Garmendiak 4 minutu eta 38 segundoan amaitu dituzte lanak. Azkenik, 125 kiloko bolari beste 35 jasoaldi egin dizkiote harri jasotzaileek, kasu honetan ere, binaka, txanda librean. Telleriak eta Olaizolak 3 minutu eta 11 segundoan amaitu dituzte lanak, Urrak eta Galarragak 4 minutu eta 2 segundo behar izan dituzte, eta Eizmendik eta Garmendiak 5 minutu eta 7 segundo.
Azkenean, Telleriak eta Olaizolak lortu dute garaipena, alde handiarekin. 12 minutu eta 55 segundo izan da irabazleen denbora orokorra. Bigarren izan diren Urrak eta Galarragak 14 minutu eta 30 segundo behar izan dituzte lau lanak burutzeko, eta hirugarren sailkatu diren Eizmendik eta Garmendiak 16 minutu eta 53 segundo.
'Estefi'-ren erakustaldia
Txapelketan zehar, Estefania Etxebeste Estefi harri jasotzaileak erakustaldia egin du hiru harrirekin. Lehenik, bi minutuan, 4 aldiz jaso du 125 kiloko harri koadroa. Ondoren, denbora berean, 11 jasoaldi egin ditu 125 kiloko koparekin. Harri horrekin, Idoia Etxeberriak marka ezarri zuen duela gutxi. 5 minutuko bi txandatan, 56 aldiz jaso zuen. Azkenik, bola jasotzen aritu da, saioa ikustera joan direnei eskerrak emanez.
Irabazleek txapela bana jantzi dute, eta parte hartzaile guztiek Ibon Azpilikuetak egindako oroigarri bana jaso dute. Harri jasotzaileek ez ezik, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aiarrak eta Joseba Ostolaza zestoarrak ere jaso dute oroigarri berdina; kasu honetan, antolakuntzaren oparia izan da. Harri jasotze munduan, hamaika plazatan eta harri eskoletan harrobiekin egindako lanagatik aitortu nahi izan dituzte.