Harri jasotzaileen Txintxarri Sarian hiru bikote lehiatuko dira

Ataria 2025eko urriaren 9a

Orain bi urte egin zen azkeneko Txintxarria Saria.

Urra eta Aimar Galarraga, Azpiazu eta Gari Garmendia, eta Telleria eta Xabat Olaizola bikoteak lau harrirekin ariko dira lanean, larunbat arratsaldean, Alegiako herriko plazan.

Harri jasotzaileen XVII. Txintxarri Saria izango da jokoan larunbatean, Alegiako herriko plazan, 17:00etan hasita. Hiru bikote ariko dira lehian txapela lortzeko: Urra eta Aimar Galarraga, Azpiazu eta Gari Garmendia, eta Telleria eta Xabat Olaizola. Lau lan egin beharko ditu bikote bakoitzak, eta lanak burutzen denbora gutxien egiten duenak irabaziko du lehiaketa.

Lau harrirekin ariko dira lanean kirolariak, eta laurek 125 kiloko pisua izango dute. Lehenbizi, zilindro zaharrari 25 jasoaldi emango dizkiote banaka. Harri koadroaren txanda izango da ondoren, eta 30 jasoaldi eman beharko dizkiote banaka. Harri kubikoari 35 jasoaldi emango dizkio bikote bakoitzak, oraingo honetan txanda librean. Azkenik, bolari beste 35 jasoaldi emango dizkio bikote bakoitzak, eta ariketa hori ere txanda librean izango da.

Estefania Etxebeste Estefi harri jasotzailearen erakustaldia ikusteko aukera izango da Txintxarri Sarian zehar. Bi minutuz ariko da harri koadroarekin, beste bi minutuz harri koparekin, eta bolarekin amaituko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!