2024-2027 legealdi erdia

«Iltzatuta daukagu emandako hitza»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko irailaren 30a

Sorarrain alkatea, joan den astean, Alegiako udaletxeko balkoian. A. ARROYO

Dagoeneko landu dituzte programan aurkeztu zituzten sei gaietatik lau. Orain artekoa baloratu eta aurrera begirako asmoen berri eman du.

Lautik bi urte egin ditu Regina Sorarrainek (Alkiza, 1969) Alegiako alkatetzan. «Konturatzerako» pasa zaizkio bi urteak, eta gogobeteta hitz egin du orain arteko jardunaren inguruan.

Nola joan dira lehen bi urteak?
Izugarrizko erritmoan joan dira; konturatzeko egin dugu erdia. Gure buruari erritmo bizia jartzen diogu; gauza asko eta erpin ezberdinetakoak ari gara aurrera eramaten.

Izatez, niri baino gehiago herritarrei galdetu beharko litzaieke balorazioa; baina, lehen erdia oso positiboa izan da, zalantzarik gabe.

Aurreikusi bezalakoa al da alkatetza?
Kudeaketaren arloa ezagutzen nuen ikastetxetik. Badakit beste administrazioekin lan egiteak zer dakarren, zailtasunak ezagutzen ditut... Eta lau urtez oposizioan egon ginenean ere, bertatik bertara jarraitu ditugu kontuak, aurretik ohartu gara administrazioaren erritmoa ez dela herritarrak espero duena bezalakoa. Hori kontuan hartuta, ez dut sorpresa handirik hartu egia esan. 

Denbora honetan Aurrera Alegiak zein aldaketa egin ditu herrian?
Iltzatuta daukagu herritarrei emandako hitza. Gure programa ez da besterik gabe hamaika pertsonari bururatutako ideia-sorta. Bertan bizi gara zerrendako guztiak, eta gertutik ezagutzen ditu herriko errealitateak. 

Programan sei puntu ditugu eta, horietatik, lau gauzatu ditugu legealdi erdirako. Alkatetza hartu eta hamabost egunetara jaso genuen herriko kirol kluben gutun bat, kirol instalazioetako gabeziak konpontzeko eskatuz. Kiroldegiko zorua eta instalazioak konpondu ditugu, eta futbol zelaian harmailak ere egin ditugu —zeina Alegiak, orain arte, ez dituen inoiz eduki—. 

Beste puntu garrantzitsu bat Franconi eskola zaharraren gunea da. Ura agentziarekin hasi gara elkarlanean uholdegarritasuna gutxitzeko, eta hori ere martxan dago. 

Eta badira beste giltzarri batzuk ere.
Hori da. Osasun zentroarena, adibidez, guretzat oso gai garrantzitsua da, Alegiari ez-ezik inguruko herriei ere ematen dielako zerbitzua. Azpiegituraren hutsuneak nabarmenak ziren, eta are ageriago geratu ziren pandemiarekin. Taldearekin ikaragarri gustura gaude, medikuak guretzat erreferente dira; urte mordoa daramate hemen. Azpiegitura berritu beharra zegoen, eta bide zail bezain gogorra izan da. Baina hori ere bideratu dugu. 

Nabarmendu nahiko nukeen beste gauza bat da ekimen guztiak gauzatu direla udala zorpetu gabe. Lan tekniko izugarria dago atzean, baita politikoa ere. 

Eta laugarren puntua, haurren eta nerabeen aisialdirako arreta da. Lau urterako kontratu bat lotu eta ludoteka zabaldu dugu. Horrez gain, kirol eskaintza ere zabaldu da. Sei puntutik lau bideratuta daude dagoeneko; erdia iristerako hau eginda, ez dakit gehiago eskatzerik badagoen. 

Proiektu handiak dira.
Eta gero programaz kanpokoak, jakina. Hilerrian egin zen esku hartzea oso garrantzitsua izan zen. Tentu handiz egin behar zen, eta aurrera eraman dugu. Argiteriari ere astindu on bat eman diogu. Gauza txikiak dirudite, baina herriaren egunerokorako garrantzitsuak dira. Bi taldeek aurrera eramanda zibismoaren inguruko ordenantza bat ere onartu da; eta horrek ahalbideratu du herri txukunago bat izatea. Asko daukagu egiteko, jakina. Baina orain arte pauso garrantzitsuak eman ditugu, eta herritarren eguneroko bizitza pixka bat hobetu delakoan gaude.

Osasun zentroaren eraberritzea aipatu duzu lehen. Zein unetan dago lanketa?
Teknikoki orain dagoen eraikinari pisu bat gehiago emango zaio, eta azpiko solairuari 90 metro kenduko zaizkio. Legea medio, ezin izan dugu hasieran nahi genuen igogailua jarri, baina igogailu urbano bat jarriko da sarrera errazteko. Udalak egin ditu etxeko lan guztiak: esleipenak, kontratuak... Hugar enpresak gauzatuko du, bera bakarrik aurkeztu baita esleipenera. 

Gaiak erpin asko ditu, eta horietako bat da zerbitzua mantendu egin behar dela; ezin dugu besterik gabe itxi. Datorren hilabetean, urriaren erdialdera Erbetako frontoian modulu batzuk jarriko dituzte, 285 metro karratu solairu bakarrean. Lehenengo instalazio guztiak egin beharko dituzte, eta azarotik aurrera hor hasiko dira zerbitzua ematen. Behin-behineko egoera hori urte eta erdi ingurukoa izango da. Pazientzia ere eskatuko diegu herritarrei; garrantzitsuena kasu honetan gauzak ondo egitea baita, ez presaka egitea. 

Azpiegiturak hobetzeaz gain, beste zenbait proiektu dituzue esku artean. 
Alegia Zainduz prozesu parte-hartzaileak bide erdia egin du. Parte hartze handia izan du, eta herritarrek azaldu dute hirugarren adinekoen zaintzari dagokionez nola ikusten duten Alegia; eta zer izan beharko lukeen. Oso modu garbian geratu da eguneko zentro baten beharra; hori adierazi du herriak. Momentuz prozesuak bide bat egin du orain arte, eta hemendik abendura beste bat egingo du.

Hiruhileko honetan egingo duguna da inguruan dauden beste esperientzia batzuk ezagutu; eta orduan, zaintza plan bat eratzera bidean joango gara. Erredaktatuta geratuko da. Hamabost bat eragilek osatutako mahaia da gaia lantzen ari dena, eta hori da guzti honen motorra. Orokorrean oso pozik gaude prozesuak izan duen harrerarekin. 

Beste kezka bat euriteak izango dira. Nola ari zarete gaia lantzen?
Bederatzi hilabetetan bi aldiz gertatu zaigu: 2024ko urrian eta 2025eko ekainean. Naturak indar erakustaldi bat egin du bi horietan. Gainera, aurreikusten ez genuen fenomeno batekin egin dugu topo: Alegia beti bizi izan da errekari begira; eta, orain, menditik etorri zaigu. 

Lanean hasita gaude. Gero eta maizago izango ditugu halakoak; aldaketa klimatikoa hemen dago, lau urtarotatik bira pasa gara, eta geratzeko etorri da. Garbi ikusten dugu ez dela azken aldia izango. Udalaz gaindiko administrazioekin ari gara lanean, Ura agentziarekin eta aldundiarekin. Gure kezka nabarmena da; eta haiekin zer egin daitekeen aztertzen ari gara. Bota zuen ur kantitatea izugarria izan zen. Dena dela, bi gauza nabarmendu behar dira: batetik, inork ez duela minik hartu; eta, bestetik, herritarren erantzuna bikaina izan dela bietan. Gauean mezu bat bidaltzea, eta hurrengo goizean goiz jendea azaltzea laguntzera... Hori sekulakoa da. Erakusten du Alegiaren komunitate izaera eta indarra. 

Datozen bi urteetara begira, zein dira aurreikuspenak?
Zaharrak berri. Orain arteko guztia bideratuta dago, baina gauzei jarraipena egitea tokatzen da. Osasun zentroaren eraberritzea, Franconiko zubiaren inguruan bultza egitea... Eta, gero, programan falta zaiguna bukatzea eta gero egunerokotasunean sortzen diren kontuei aurre egiten.

Etxebizitzaren arazoa ere gogoan daukagun zerbait da: gazteek herrian geratu nahi dute, eta apustu bat egin nahi dugu horri begira. Geltokiari begira ere bagaude. Eta, jakina, herritik jasotzen ditugun eskaera guztiei erantzuteko prest. Hori izango da gure bide-orria.

Ezin dut aipatu gabe utzi aurrean alkatea azaltzen dela, baina ni ez naizela ezer nire taldekiderik gabe; eta ezta udaletxeko langilerik gabe ere. Hemen profesional handiak daude. Arlo teknikoan eta administratiboan lan handia egiten da. Eta hau aurrera joaten bada zutabe horiei esker da: alkatea, talde politikoa, talde administratiboa eta herritarrak. Denon artean Alegia hobe baten alde jarraituko dugu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!