Igandean 40 postu baino gehiago, Alegian

Ataria 2025eko irailaren 25a

Iazko azokako une bat, herriko plazan. LEYRE CARRASCO

Igandeko azoka bereziak hainbat eragozpen sortuko ditu trafikoan: Tontokale ingurua itxita egongo da eta autobusek Fabrensan izango dute geraleku bakarra.

Igandean, hilaren 28an, hemezortzigarrenez egingo da aurten Alegiako artisau eta nekazal azoka berezia. Guztira, 40 postu baino gehiago jarriko dituzte herriko plazan eta zubian, eta 11:00etatik 14:00etara iraungo du azokak. Aurreko urteetan bezala, askotariko eskaintza egongo da: barazkiak, frutak, etxean egindako elikagaiak, bitxiak…

Trafikoan zenbait eragozpen
Egun horretan, ordea, zenbait trafiko eragozpen ere sortuko ditu azokak 09:00etatik 15:00etara. Batetik, Orendaingo bidegurutzetik Tontokale gaineko bidegurutzera trafikoa itxita egongo da; beraz, Larraitz auzora edo Orendainera joan nahi dutenek saihesbidea erabili beharko dute. Bestetik, San Juan kaletik Kalegora alderako garajeetakoek Kalegoratik atera zein sartu beharko dute. Kalebeherarako garajeetakoek, berriz, sartzeko eta ateratzeko Kalebeherako parkeko pibotea erabili beharko da. 

Garraio publikoari dagokionez, berriz, Lurraldebuseko autobusek Fabrensa industriagunean izango dute geraleku bakarra. Amezketa aldera 09:10ean zein 12:10ean, eta Tolosa aldera 09:40an zein 12:40an pasako diren zerbitzuei eragingo die. 15:00etatik aurrera egoera normaltasunera itzuliko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!