Martxan dira txintxarriak

Ataria 2025eko irailaren 22a

Txintxarriak Martxan ekimeneko kideak, joan den astean, udaletxe aurrean.

Ikasturtea hasi dute Txintxarriak Martxan ekimeneko kideek ere. Parte hartu nahi duenak horretarako aukera du ostegunero.

Alegian hasi dute aurtengo denboraldia Txintxarriak Martxan ekimeneko kideek. Egitasmoaren helburua da adinekoak ariketa fisikoa egitera eta elkarren arteko harremanak sustatzera bultzatzea eta elkarlanean antolatzen dute udalak, Alegiako osasun zentroak eta beste hainbat eragilek.

Joan den astean egin zuten lehen irteera, eta 50 lagun inguruk hartu zuten parte. Horietatik 20 bat animatu dira ibilaldi luzeetan parte hartzera eta saio laburretan, berriz, aldiz, 30 inguru daude izena emanda. Antolatzaileen hitzetan «distantziak distantzia» herri inguruan ibilaldi ezberdinak egin eta harremanak garatzea da ekimenaren helburua eta «garrantzitsuena»: «Ondoren hamaiketakoa elkarrekin egitea».

Izena emateko aukera, zabalik
Oraindik izenik eman ez duenak horretarako aukera du edozein ostegunetan: 10:30ean plazara agertu eta parte har dezake. 11:00etan abiatzen dira irteerak eta, behin izena emanda, parte hartu ahal izango dute.

Alegiako Udalak eskerrak eman dizkie ekimena antolatzen eta irteeretan laguntzen duten eragile eta boluntario guztiei eta adinekoak animatu ditu Txintxarriak Martxanekin bat egitera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!