UTT Erronka 2025

Alegiara iritsi dira lehenengoak

Ataria 2025eko irailaren 13a

Stefano Rinaldi italiarra igaro da lehenengo tokian Alegiako anoa postutik. Indarberritzeko aukera izan dute bertan lasterkariek.

Dena prest zuten Alegiako anoa postuan lehenengo lasterkariak iritsi direnerako. Anoa postu osoa prestatu dute herriko plazan eta parte hartzaileek indarrak hartu ahal izan dituzte ibilbidearekin jarraitzeko. Stefano Rinaldi italiarra izan da Alegiara iristen lehena. 

Goizean 08:00etarako hasi dira Alegiako anoa gunea prestatzen eta 20 boluntario inguru aritu dira langintza horretan. Zerbitzu guztiak eskaini dituzte bertan: komunak, dutxak, atseden hartzeko tokia eta jan-edanak, hotzak eta beroak. Alegiarrek Mareagako anoa gunearen ardura ere hartu dute.

Herri txikiak aintzat hartzen dituen lasterketa handi bezala definitu du Regina Sorarrain alkateak UTT erronka. Federatutako elkarte baten babesa behar zuten antolatzaileek gaurko proba Euskal Herriko Koparako puntuagarria izan zedin eta Intxurrek hartu du konpromisoa.

Alegiatik Langaurreko tontorra igo eta bertatik, Intxurrera eta Albizturrera egin ondoren, Mendikute azpitik Herniozabal tontorra igoko dute parte hartzaileek, berriro, Irurara jaisteko. 

Alegiako anoa postu osoan izan diren boluntarioen eta plazara bertaratutako herritarren animoak jaso dituzte lasterkariek, azken txanpari ekin diezaioten. 

Kronoak.com webguneko orri honetan sartuz egin daiteke probaren jarraipena

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!