ELKARRIZKETA

«Zenbait ahoskera artifizialak egiten zaizkio hiztunari»

Jon Miranda Labaien 2025eko irailaren 6a

Irati Urreta Elizegi hizkuntzalaria. J.M.

Hizkera-mailaren arabera euskararen ahoskera aldatzen ote den aztertu du doktorego tesian Irati Urreta Elizegi hizkuntzalariak; ahoskera aldatzen duten hiztunen kasuan, zein norabidetan, zerk eraginda eta zergatik aldatzen duten ikertu du.

Euskal Ikasketen gradua eskuratu ondoren, eta behin Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia masterra amaituta, Irati Urreta Elizegik (Alegia, 1997) azkeneko bost urteak eman ditu doktorego-tesia prestatzen EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean. Saiatu da hiztunen jardunen azterketa fonologikotik urteotan ateratako ondorioak ATARIA-ko irakurleei modu dibulgatzailean azaltzen. Baita lortu ere.

Zergatik aukeratu zenituen Euskal Ikasketak?

Nire inguruan beti egon da indarrean euskara eta beti erabili izan dut etxean, eskolan eta lagunekin. Gaztetatik izan dut hizkuntzalaritzarekiko interesa eta euskararen egitura, morfologia eta gramatikak arreta eman izan dit. Horregatik erabaki nuen Euskal Ikasketetan izena ematea. Gradua lortu eta gero Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian masterra egin nuen. Gogoz amaitu nuen, indartsu, eta orduan pentsatu nuen hura zela momentua doktorego tesia egiteko; noizbait egin behar banuen hura zen garai egokia.

Unibertsitatean ikerketan jarraitzea erabaki zenuen. Hautu erraza al da hori?

Ez da erraza baina ez naiz damu. Lan zama aldetik doktorego tesiak karga handia izaten du eta ez da erraza lanean ari zaren bitartean tesia prestatzea. Beka bat lortzeak beti ematen dizu egonkortasun ekonomikoa. Askotan laguntza lortuagatik ere, doktoregaiok ez ditugu ikerketarako baldintzarik onenak izaten baina ni, dena den, zorteduna izan naiz. Doktoretza aurreko Eusko Jaurlaritzaren laguntza batekin EHUn kontratua lortu eta lau urtez ikertzen jardun ahal izan dut.

Zer moduzko lana da doktoregaiarena?

Bakartia. Ordu asko pasatzen dituzu ikerketan murgilduta ordenagailu aurrean. Ez da erraza izaten denbora kudeatzea, ikertzen ari zaren bitartean merituak ere pilatu behar izaten baitituzu: artikuluak argitaratu eta kongresuetan parte hartu, adibidez. Hala ere, pozik nago, Oroitz Jauregi eta Miren Lourdes Oñederra izan ditudalako tesi zuzendari eta babes handia eman didatelako. Gainera, doktorego tesiaren oinarrian hiztunei egindako elkarrizketak egon direnez, ez zait lana hain bakartia egin.

Zenbat hiztunen ahozko jarduna aztertu duzu eta zein irizpideren arabera aukeratu dituzu?

Guztira hamasei hiztunen azterketa fonologikoa egin dut tesian. Hiru ardatzetan jarri dut arreta hiztunak aukeratzerakoan: ardatz dialektala, euskara ikasteko modua eta adina. Aztertu nahi nituen erdialdeko euskararen ezaugarriak eta nafar-lapurtarrarenak. Hegoaldeko hiztunen datuak kontrolatzen nuen hizkera batekoak izatea nahi nuen, eta aurretik master amaierako lanean Alegiako hiztunen corpusa erabili nuenez, gehiegi aldendu gabe, Ikaztegietara jo nuen tesirako. Aurrez ere banekien jende jatorra bazela Ikaztegietan, eta tesiarekin nire ustea berretsi dut. Nafar-lapurtera aztertzeko Baigorriko hiztunak hautatu nituen. Gainerakoan, aztertu ditudan hiztunen erdiak euskara etxean ikasitakoak izan dira eta beste erdiak euskara etxetik kanpo ikasi dutenak. Adinari dagokionez, berriz, erdiak 20-30 urte bitartekoak dira, eta beste erdiak 40-60 urte bitartekoak.

Nolako grabazioak egin dizkiezu hiztunei?

Bi itzuli egin ditut hiztun bakoitzarekin, beraz, 16 hiztun izan dira, baina 32 solasaldi hartu ditut kontutan. Lehenengo itzulian egiten nuena izaten zen haien jarduna bildu eta horiek aztertzen urtebete eman eta gero, ahoskatutakoaren arabera, berriz joaten nintzen euren etxeetara eta galdetegi bat egiten nien, haien usteak eta jarrerak jasotzeko.

Eta zergatik ahoskera? Nondik datorkizu gaiarekiko interesa?

Euskal Ikasketetan bagenituen fonologiari lotutako ikasgai batzuk eta orduan sortu zitzaidan interesa. DBHn edo Batxilergoan gramatika gaiak eta ortografiari dagozkionak lantzen dira baina ez zaie hizketa hotsei hainbeste ordu eskaintzen. Beste hizkuntzetan gertatzen den bezala, ahoskeraren inguruko lanak euskal hizkuntzalaritzan ere ez dira asko eta ikusi nuen ekarpena egin nezakeela, batez ere, hizkera-mailetan zentratuta.

'Euskararen ahoskera eta hizkera-mailak aztertzen' doktore tesia aurkeztu zenuen urtarrilean. Zenbat hizkera-maila bereizi dituzu?

Bi bereizi ditut. Nire lanaren alderdi konplexuenetako bat izan da hori. Zenbait autorek aipatzen dute hizkera-mailak zenbakaitzak direla, ez dagoela bataren eta hurrengoaren artean muga jartzerik. Tesirako, Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeak hobesten dituenak erabili ditut: zaindua eta arduragabea. Mitxelenatik datorkigun banaketa da eta oso ondo lotzen zaio ahoskerari, kontuan hartuta, beti ere, etenik gabeko continiuum baten bi ertzak direla, tartean beste maila eta aldaera asko daudela.

Arduragabea deitzen zaio?

Bai, egia da hizkera-mailak izendatzeko terminologia ez dagoela erabat estandarizatua. Arduragabeari, informala edo lagunartekoa ere esaten zaio. Arduragabea hitzak badirudi konnotazio txarra duela, baina esan nahi dena da, hiztunari testuinguru horretan ez zaiola hainbeste inporta forma fonikoa edo ahoskera, mezuan jartzen duela arreta. Alderantziz, hizkera-maila zainduetan ahoskerari arreta gehiago jarri ohi zaio, edukiari baino. Zaindua izendatzeko jasoa edo formala ere erabiltzen da.

Tesian aztertu nahi zenuen hizkera-mailaren arabera ea aldatzen ote den euskararen ahoskera. Zein da ondorioa? Aldatzen da, bai ala ez?

Gure hipotesia zen batzuetan aldatzen dela eta beste batzuetan ez. Ziurrenik, nire doktorego tesiak balio izan du identifikatzeko zeintzuk diren hizkera-mailaren arabera, ahoskera aldatzea edo ez aldatzea ekartzen duten aldagai behinenak. Tesian zabaldu dugun bide honi jarraitu diezaiokete hurrengo ikerketek.

«Nire doktorego tesiak balio izan du identifikatzeko zeintzuk diren hizkera-mailaren arabera, ahoskera aldatzea edo ez aldatzea ekartzen duten aldagai behinenak»

Zeintzuk dira aldagai horiek?

Tesian hiru aipatu ditut nagusiki: euskara ikasteko modua, idatzia eta artifizialtasun sentipena. Gure hipotesietako bat zen euskara ikasteko moduak aldakortasunean eragina zuela. Aztertu ditudan hiztunen erdiek euskara etxean ikasi dute eta beste erdiek eskolan edo irakaskuntza formalaren bidez. Datuek erakutsi dute, oro har, euskara etxean ikasi dutenek aldakortasun handiagoa dutela euskara etxean ikasi ez dutenek baino. Sinpleki azaltzeko: Ikaztegietan euskara etxean ikasitakoek, lagunartean ari direnean 'burue', 'sue', 'katue', 'mendie' ahoskatzen dute. Aldiz, hiztun horiei esan zaienean ETB1eko dokumental batean nola ahoskatuko luketen, inongo zalantzarik gabe, 'burua', 'sua', 'katua', 'mendia' esaten dute, ez zaiela burutik pasatzen bestela esatea. Hor badago aldakortasuna. Alderantziz, euskara etxean ikasi ez duten ikaztegietarrek, lagunarteko mailetan ere 'burua', 'sua', 'katua' bezalakoak ahoskatu dituzte. Baigorrin, berdina gertatzen da: etxean euskara jaso dutenek 'buria' erabili dute lagunartean eta 'burua' hizkera-maila jasoagoan. Han ere euskara etxetik kanpora jaso dutenen artean aldakortasuna txikiagoa da.

Idatziaren eragina aipatu duzu bigarren aldagai gisa. 

Bai. Agian, nagusienetako bat da eragin hori. Askotan hiztunek, maila jasoetan idatzi bezala esateko joera erakutsi dute. Ahoskatzeko letrak hartzen dituzte oinarritzat eta ez euskararen fonologiaren araberako interpretazioa. Adibide esanguratsuena, beharbada, 'ez+da' edota 'ez+du' bezalako bilkuretako 'd' letra horren ahoskeran dago: lagunartean, Ikaztegietan eta Baigorrin, 'ezta' edo 'eztu' ahoskatu dute, eta maila jasoetan, 'ez da' edo 'ez du'. Galdetegian galdetu zitzaien zergatik egiten zuten aldaketa hori eta guztiek esan zuten bazekitela erregistro zainduagoetan 'd' esan behar zutela, 'd' hizkiz idazten delako.

Uste okerra da, ordea. 

Bai. Ahoskera zaindurako 'ezta' edo 'eztu' esatea proposatzen du Euskaltzaindiak 1998an ateratako EBAZ Euskara Batuaren Ahoskera Zainduaren arauak. Interesgarria da dokumentu hori eta ez da idatzi estandarrerako ateratzen diren arauak bezain ezaguna. Maila jasoetan erabili behar denean, euskara batua nola ahoskatu proposatzen duen erreferentziazko gida da. Ezagutzen ez delako, uste oker asko sortzen da ahoskeraren inguruan. Elkarrizketatutako hiztunei esaten nienean eurek lagunartean erabiltzen zutena dela euskara zaindurako proposatzen den ahoskera, harritu egiten zitzaizkidan. «Nola da posible baina? Orduan zertan aritzen naiz ni ahoskera aldatzen?», esaten zidaten.

Zerk esan nahi du artifizialtasun sentipenak?

Askotan hiztunen jardunetan edo solasaldietan atera den ideia da: zenbait ahoskera artifizialak direla eurentzat. Erabiltzen ohituta ez dauden ahoskerak dira. Adibide batekin errazago ulertuko da: Ikaztegietan, maileguetako , bilkuretako kontsonantearen ahoskera. Hiztunek aipatzen zuten ezin zutela ahoskera hori erabili beraientzat artifiziala zelako, ez zela naturala, arrotza zitzaiela, batzuek lotsaren ideia ere aipatzen zuten. Ez zuten ulertzen zergatik ahoskatu behar den modu horretara. Azaltzen nienean hizkuntzaren batasuna zegoela atzean, bi aldeetako hiztunek komunean dugun hotsa dela hori; 'gero' ahoskatzen dugunean erabiltzen dugun hori da 'geografia' edo 'geopolitika' ahoskatzerakoan erabili beharko genukeena. Azalpen horiek emanda hiztunek ulertzen zuten apur batean, eta lotsaren eta ziurgabetasunaren ideia hori apaltzen zitzaien. hizkiaren ahoskerarekin ere berdintsu gertatzen da.

Hizkera-mailen arabera, euskalki edo euskara batuaren erabilera aztertu duzu?

Bai, zalantzarik gabe ikerketan ikusi dudana da, hizkera arduragabea euskalkiaren erabilerarekin lotzen dela eta, aldiz, hizkera-maila jasoa edo zaindua, euskara batuarekin. Joera hori ulertzen da soziolinguistikoki euskarak bizi izan duen egoerarekin. Bere erabilera mugatua egon da, eta askotan, etxean edo lagunartean baino ez da erabili izan. Euskara batua sortu zenean, berriz, hizkera-maila jasoetarako estandarra landu zen. Halabeharrez gertatu da banaketa, baina, zorionez, duela zenbait urtekoarekin alderatuta ezberdina da, gaur egun, euskarak duen egoera. Uste dut, euskara batuaren barruan ere hizkera-mailak bereizten hasi behar genukeela, eta berdin euskalkietan ere. Erronka bat badugu aurrera begira. Eskualde mailako hedabideak, esate baterako, esparru egokiak dira hizkera-maila jasoagoak lantzeko, euskalkitik aldendu gabe.

«Uste dut, euskara batuaren barruan ere hizkera-mailak bereizten hasi behar genukeela, eta berdin euskalkietan ere. Erronka bat badugu aurrera begira»

Konstantzia handiko lana da tesia prestatzea. Liberazioa sentitu duzu behin aurkeztuta?

Ba. Lauzpabost urte gorabeheratsu pasatzen dituzu tesia prestatzen eta ikerlanari distira atera nahi izaten diozu. Defentsa ondo prestatu nuen zuzendarien laguntzaz eta dena oso ondo joan zen. Behin aurkeztuta, sentitzen duzu arindua. Esango nuke urte hauetan ez dela ia egun bakarra egon tesia buruan izan ez dudana. Kontuan izanda ahoskera dela nire gaia, ezin izan diot iskin egin; kalera atera eta jendeak ahoskatu egiten du, ezin dio ahoskatzeari utzi, hizketak berak hori eskatzen diolako. Hortaz, denbora honetan beti egon naiz belarria jarrita, erne. Hala ere, behin tesiaren defentsa eginda, hori bai, gauza bat itxi dudanaren sentsazioa dut.

Doktore zara, eta orain zer?

Gustatuko litzaidake ikerketan jarraitzea. Era berean, unibertsitatean irakaskuntzan lan eginez gero, irakaskuntza eta ikerketa biak uztartzeko aukera izaten duzu. Ikerketak gauza asko ematen dizkit, ez buruhausteak bakarrik, erantzunen bila ibili eta galderak baino ez zaizkizu ateratzen parera. Gustukoa dut.

Bien bitartean Baiona Iker ikerketa-zentroan ari zara lanean. 

Berriz ere zortea izan dudala esango dut. Urtarrilean tesia aurkeztu eta handik gutxira hasi nintzen Iker zentroan lanean. Bertan euskararen alorrean zenbait ikerketa proiektu abian dituzte, eta hain zuzen, orain Baigorriko hitanoa aztertzeko proiektuan nabil. Printzipioz, irailera arteko kontratua dut. Tesiaren zati bat Baigorrin egin nuenez, bertako hizkera pixka bat menperatzen dut eta ezagutzen ditut hango hiztunak. Corpusa biltzen ari gara orain, eta dagoeneko, 30 hiztunekin egon gara, gehienak 55 urtetik gorakoak. Grabazioak binaka egiten ditugu, hika erabiltzea nahi dugulako, eta ikertzailearen efektu hori saihestearren. Ikertzailearena, alde batetik, ez naizela haien gertukoa; eta bestetik, gainera, emakumea. Nirekin hika aritzea zaila da testuinguru horretan. Oraindik ez ditugu ondorioak atera, baina gure eskualdean gertatzen den bezala, han ere, galera bat gertatzen ari da hikaren erabileran, are nabarmenagoa emakumezkoen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!