Positiboki baloratu dute Oinarria Antzerki Topaketa

Ataria 2025eko uztailaren 8a

Maiatzean eta ekainean burutu dira Inaxio Begiristainen omenezko Amateur Antzerki Topaketak, eta duela aste batzuk agurtu zuten gala nagusiarekin. Horren bueltan antolakuntzan aritu direnek balorazio «oso ona» egin dute.

«Bertatik pasa diren taldeen eskaintza eta maila azpimarratu nahi genuke eta batez ere herritarrek izandako erantzuna. Elkarrekin gozatu duguna da geratzen zaiguna», esan dute.

Antolakuntzakoek Alegian euskarazko antzerkia sustatzea eta herri-giroan kultura zabaltzea jarri zuten helburu eta asmatu dutelakoan daude. Bereziki, topaketei amaiera eman zion gala nagusia azpimarratu dute: «Maila handikoa eta era berean etxekoa, ona eta hunkigarria izan zen bizitakoa. Ikusle aldetik herriko jendearen falta sumatu genuen eta horrek sortu digu atsekabe gehien. Behar bada eguna ez zen aproposena izan». Horregatik, datorren edizioetarako datak aztertuko dituztela jakinarazi dute, «zeren eta herriko beste hainbat ekitaldiekin topo egin dugu aurtengoan, eta beraiek saihesten ibili behar izan dugu».

Emaitza ekonomikoari dagokionez, «zulo dezentea» geratu zaie, baina erakundeen –Alegiako Udalaren eta Diputazioaren– laguntzaren zain daude. «Horrek ere egonezina sortzen du ezin baitugu jakin aurretik zein diru kopuru izango dugun», azaldu dute.

Herritarrei eskerrak emanez, antzerkiaren, euskararen eta herrigintzaren alde lanean jarraitzeko gogoa adierazi dute. Halaber, jardunaldietan parte hartu duten antzerki taldeak ere eskertu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!