Orain bi urte, Aurrera Alegiak aurkeztutako programak «herritarren hitza jaso» nahi izan zuela gogoratu du Regina Sorarrain alkateak, eta dagoeneko programaren zati handi bat «osatuta» dagoela esan du. Osasun zentroaren eraberritze integrala da adibideetako bat, eta alkateak jakinarazi du obraren lizitazio epea aste honetan amaituko dela.
Osasun zentroari solairu bat gehituko diote, eta horrek beheko solairuan dagoen jubilatuen tabernaren eraberritze integrala ekarriko du. Horrez gainera, igogailua jarriko dute kanpoan, irisgarritasuna bermatu ahal izateko.
Proiektuaren lanketa urte eta erdiko lana izan dela dio Sorarrainek, eta obrarekin udazkenean hastea aurreikusi du: «Lan ikaragarria izan da, bai teknikoki, juridikoki eta politikoki. Udaletxeko langile guztiek izugarrizko lana egin dute eta udal ordezkariak urte eta erdi honetan buru-belarri aritu gara honekin; erpin asko ukitu behar izan ditugu eta prozesu luzearen ondoren udazkenean hasiko gara».