Lur azpiko pasabidea egingo dute Alegiako tren geltokian

Ataria 2025eko ekainaren 27a

Trenbideen arteko egungo pasabidea desagertuko da.

Trenbideen arteko egungo pasabidea desagertuko da. Geltokiko irisgarritasuna eta segurtasuna «modu nabarmenean» hobetuko direla azaldu dute.

Alegiako Udalaren eta Adifen arteko elkarlanari esker, tren geltokiko irisgarritasuna hobetzeko helburuz, lur azpiko pasabidea egingo dute. Proiektua erredakzio fasean dago, eta gauzatzen dutenean, geltokiko irisgarritasuna eta segurtasuna «modu nabarmenean» hobetuko direla azaldu dute udaletik.

Lur azpiko pasabide berriak erabiltzaileei trenbidea modu seguruan gurutzatzea ahalbidetuko die, trenbideetatik igaro beharrik gabe. Beraz, trenbideen arteko egungo pasabidea desagertu egingo da. Geltokiak trenbide azpitik igaroko den lur azpiko pasabide bat izango du, igogailuak izango dituena. Bereziki, mugikortasun murriztua duten pertsonei, adinekoei, haur txikien orgatxoak dituzten familiei edo maletekin doazen bidaiariei egingo die mesede.

Esku hartze hau Adif Gipuzkoako geltoki ezberdinetan egiten ari den edo egingo dituen hobekuntzen barruan sartzen da. Alegiaz gain, Tolosa Erdia, Anoeta, Ormaiztegi, Pasaia eta Legorretan egingo dituzte hobekuntzak.

Alegiako Udalak eskerrak eman dizkio Adifi herriko azpiegiturak hobetzeko hartutako konpromisoagatik eta tren mugikortasun inklusiboago eta seguruago baten alde egindako sustapenagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!