Mundukoan 20. postua lortu du Paula Del Pozok

Ataria 2025eko ekainaren 24a

Paula Del Pozo, aurtengo Zizurkilgo Duatloian.

Kirolari alegiarrak Munduko Duatloi Txapelketan parte hartu du, eta zazpigarren postuan amaitu du 23 urtez azpiko mailan.

Paula Del Pozo alegiarrak hogeigarren postuan amaitu du Pontevedran (Galizia) asteburuan jokatu den Munduko Duatloi Txapelketa. Alegiarrak 1.27.53ko denbora behar izan zuen proba amaitzeko. Hiru zati izan zituen lasterketak: lehenengo zatian bost kilometro egin zituzten korrika, ondoren 30 kilometro bizikletarekin egin zituzten, eta amaitzeko beste bost kilometro egin behar izan zituzten korrika. Txapelketa Giorgia Priaronok irabazi zuen (1.24.40) eta ondoren helmugaratu ziren Maria Varo (1.24.45) eta Camille Laurent (1.24.52).

Hain justu, hirugarren egin zuen Laurent duatloilaria izan zen 23 urtez azpiko mailan lehen postua lortu zuena, eta maila horretan zazpigarrena izan zen Del Pozo. Maila horretan bigarren Noomi Bogiatto (1.25.30) eta hirugarren Joanne Dupont (1.26.24) izan ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!