Intxurre futbol taldea, Gorengo mailara txapeldun izanik

Imanol Garcia Landa 2025ko eka. 11a, 17:00

Gizonezkoen Intxurre futbol klubeko lehen taldeak igoera lortu du, eta datorren denboraldian Gorengo mailan ariko da.

«Denboraldi hasieran ikusten genuen talde polita zela, baina talde gaztea ere bai», esan du Mikel Oiarbide kapitainak. «Lehenengo helburua igoera fasera sailkatzea zen eta justu-justu lortu genuen». Igoera fasea ondo hastea garrantzitsua zen eta lortu zuten: «Etxean irabazten genuen, kanpoan ez genuen galtzen, eta hasieratik goiko postuetako borrokan sartu ginen». Lehen lau sailkatuak igotzen dira mailaz, eta Intxurrek matematikoki lortua zuen igoera bi jardunaldi falta zirela.

Baina mailaz igotzea bakarrik ez, Erregional mailako txapeldun izatea ere lortu zuten alegiarrek. «Azken aurreko jardunaldian etxean genuen partida, eta ilusioa genuen bertan lehen postua lortzeko», zehaztu du Oiarbidek. «Bigarrenaren kontra jokatzen genuen, eta berdinketa nahikoa genuen. 2-1 galtzen joan ginen, eta penalti bat izan genuen alde bukaeran, baina atezainak geratu egin zuen eta ezin izan genuen lehen postu hori lortu etxean». Baina azken jardunaldian beste aukera bat zuten, eta kanpoan jokatzen zuten hirugarrengoaren aurka. «Uste genuen zailagoa izango zela, baina hor irabazi genuen 1-2. Bertan kopa jaso genuen eta polita izan zen azken jardunaldian txapeldun geratzea».

Intxurre bezalako klub batentzat mailaz igotzea «polita» dela esan du Oiarbidek. «Orain bederatzi urte igo ginen azkeneko aldiz. Orduan ni taldeko gazteena nintzen, eta taldearen batez besteko adina altua zen. Hurrengo urtean jaitsi egin ginen, eta talde beteranoa zenez, jende askok utzi egin zuen. Trantsizio aldi batean sartu ginen». Urte horiek ez direla errazak izan gaineratu du: «Taldea osatzeko ere tarteka zailtasunak izan ditugu». Baina jende gaztea zetorren beheko kategorietatik, eta aurten igotzeko aukera izan dute. «Gorengo mailan egoteak suposatuko du partida guztiak gogorrak izango direla, bai etxean eta bai kanpoan. Saiatuko gara disfrutatzen eta maila mantentzen», esan du Oiarbidek. «Ez nuen espero igotzea, talde gaztea ikusten nuelako. Orain, talde gazte izanik, eta ikusita progresio onean gaudela, jende ona datorrela, ea denboraldi hasieran puntu batzuk ateratzen ditugun eta gero talde bezala eusten diogun».

Gizonezkoen bigarren talde bat osatzeko asmoa du Intxurrek senior mailan datorren denboraldirako. «Aurreko urtean jubeniletatik igo ziren batzuek ez jarraitzea pentsatu zuten, eta aurten komentatu ziguten berriz jokatzeko gogoa zutela», esan du Oiarbidek. Taldea osatuz gero, Erregional mailan ariko litzateke. «Talde oso gaztea izango da, eta klub bezala sekulakoa da. Orain urte batzuk lehen taldea osatzeko komeriatan, eta orain bigarren taldea ateratzea izugarria da. Inoiz baino osasuntsuago dago kluba, eta benjaminetatik hasita, 290 gazte daude. Hori Intxurrerentzat historikoa da».

Irudietan, besteak beste, denboraldi amaierako festa Alegiako plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!