Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

«Etorkizunean bereziki oroituko den finala izango da igandekoa»

Imanol Garcia Landa 2025eko maiatzaren 29a

Gorka Altuna eta Iker Iriarte elkarren lagunak dira, bizilagunak ere izan dira, baina ekainaren 1ean Bizkaia frontoian jokatuko den finalean aurkari izango dira. Bientzako oso berezia izango da eguna.

Aurtengo Buruz Buruko Pilota Txapelketako finala lehen lerroan bizituko dute bi lagunek: Gorka Altunak (Alegia, 1998) Jokin Altunaren botilero bezala eta Iker Iriartek (Alegia, 1984) Iñaki Artolaren botilero bezala.

Biak alegiarrak zarete. Zer harreman duzue elkarren artean?

Iker Iriarte: Lagunak gara, eta urte askoz bizilagunak ere bai, ez bakarrik Gorka eta biok, Iñaki ere bai. Gorka bertso eskolako ikasle izan nuen, eta baita Iñaki ere. Oraingoz harreman ona dugu, eta ekainaren 2tik aurrera ere horrela izatea espero dugu.

Gorka Altuna: Espero dugu baietz.

Ikusi zenutenean Altunak eta Artolak finala elkarren artean jokatzeko aukera 
zutela, zer pentsatu zenuten?

Altuna: Iñakik Peioren aurka jokatu zuen partida Jokinekin eta beste pare bat lagunekin batera ikusi genuen, eta esaten genuen aukera ona zela lehen eman ez zen finala orain emateko. Jokinek ez zuen ezer asko esaten, bazekielako gero finalerdietan zer lan zegoen. Jokin lehengusua da, eta Iñaki bizi guztiko laguna dut, Intxurre pilota eskolan ere batera aritzen gara afizionatu mailakoak entrenatzen, eta gogo handia nuen Jokin eta Iñakiren arteko final baterako.

Iriarte: Jokinek Lasoren aurka jokatu zuen larunbatean, eta Iñakik igandean Larrazabalen aurka. Guk bagenekien irabaziz gero, Iñakik Jokinen aurka jokatuko zuela. Ez dakit justizia poetikoa deitzea dagoen-edo, baina jende asko poztu gara orain dela lau urte jokatu ez zen final hori berriz Bilboko frontoian jokatuko delako. Niri sentimendu dezente mugitu dizkit.

Eta finalerdiak nola bizitu zenituzten?

Altuna: Tentsio espezial bat banuen, Unai partida handiak egitetik zetorren eta. Jokin bereziki ikusi nuen gogo handiz partida jokatzeko, eta segituan abantaila handia hartu zuen eta horrek laguntzen du lasaitzen. Jokinek dena perfektu egin zuen egun horretan, eta Unaik ezin izan zuen bere jokoa atera, baina uste dut Jokinen meritua gehiago izan zela Unairen demeritua baino.

Iriarte: Hiru aldiz ikusiko nuen errepikatuta, eta finalerdi ona egin zuela uste dut. Gauza ezberdinak entzun ditut, askorekin ados ez nagoena; 14 bat tanto egin zituen, lauzpabost galdu eta 22-12 izan zen azken emaitza, beraz, uste dut emaitzak egin ziola isla kantxan ikusitakoari. Gainera, umeen kasketa antzeko bat izan nuen, aurreko astean zenbait adituri-eta entzun bainien Altunaren eta Lasoren arteko finalerdia final aurreratua zela.

Altuna: Hori errespetu falta handia da.

Iriarte: Iruditzen zait hedabideek, adituek... kontuz ibili behar dutela horrelakoekin. Final aurreratua bazen, orain ekainaren 1ekoa zer da, atzeratutako finala, 2021ean jokatu ez zena? Iruditzen zait batzuetan Iñakik beste pilotari batzuk baino gehiago erakutsi beharra ote duen-edo beste pilotariengatik esaten dituztenak esateko. Baina, beno, ekainaren 1ean han izango gara.

Zer suposatzen du finala elkarren aurka jokatzeak?

Altuna: Oso final berezia da. Niri botilero bezala jokatzea tokatu zaizkidanen artean bereziena. Orain bi hilabete-edo jokatu zuen Iñakik binakako finala eta goizetik autobusa hartu eta eguna Iruñean pasa genuen Iñakiren kamiseta jantzita. Iñakirekin oso harreman ona daukat, eta ez nik bakarrik. Esango nuke oso mutil berezia eta maitatua dela. Partida berezia izango da, ez bakarrik finalistentzat, guretzako ere bai. Berezitasun horiek guztiak joan egingo dira finalaren egunean bi pilotariak kantxara ateratzen direnean. Hor ez da lagunik izango.

Iriarte: Berezitasun horren barruan, niretzako ere bada oso berezia, gure aita zena amezketarra baitzen, eta Amezketako frontoian ordu asko pasa ditut. Amezketako klubean jokatu nuen pilotan, afizionatuetara arte. Final guztiak oroitzen dira, baina etorkizunean bereziki oroituko den final bat izango da.

Eta nola bizitzen ari da jendea?

Iriarte: Pilotan berdinketarik ez dago, baina iruditzen zait igandekoa badela final bat berdinketarik balego ere jende asko poztuko litzatekeena. Iñakik jokatzen ez duenean, Alegia Jokinen alde izaten da, eta ausartuko nintzateke esatera Jokinek jokatzen ez duenean Amezketan Iñakiren alde daudela. Horrek zerbait esan nahi du.

Zuretzako, Gorka, zenbatgarren finala izango da?

Altuna: Ba ez dut kalkulatu. [Tarte bat hartu ondoren kontuak egiteko...] Zazpi esango nuke, eta sanferminetan hiru. Horietatik txapelketa nagusietan lau final irabazita, eta sanferminetan hirurak. Beraz, estatistika onak ditut. [kar, kar]

Partidetako egunetan goizean oso goiz esnatzen naiz, eta goizak luze samarrak egiten zaizkit. Badakizu zer dagoen jokoan eta urduri egoten naiz. Nahiz eta zazpigarrena izan, aurreneko finalean ez nengoen seigarrenean baino urduriago. Eta igandean, nahiz eta Iñakiren kontra izan, urduri egongo naiz. Alde horretatik, Iker ni baino lasaiagoa dela uste dut.

Zuretzako, Iker, lehenengo finala izango da.

Iriarte: Maila honetako final batean lehenengoa aldia izango da. Baina orain 20 bat urte Ugaitz Renobalesekin botilero lanetan egon nintzen. Ugaitzek afizionatu mailan puntako txapelketak jokatu zituen, eta berarekin ikasi nuen botilero lanetan. Aulkian egongo naizen lehenengo aldia izango da, baina 2021eko txapelketa hura oso gertutik bizitu nuen. Orduan, Mikel Artola anaia izan zen botileroa, eta ezin dugu biok eseri aulkian, baina gustatuko litzaidake. Mikelengatik ere asko poztu naiz Iñaki finalerako sailkatu delako. Baita ere poztu naiz gure anaia Mikel Iriarterengatik, orain dela 30 bat urte lagun batzuekin hasi zelako lehenengo pilota eskolaren urratsak ematen. Botilero izatea ardura bat bada. Bestalde, finala lehen lerrotik bizitzeko aukera bat da ere: bizi guztian ahaztuko ez zaizkigun egunak izaten ari dira, eta ekainaren 1ekoa ere horrela izango da.

Nolako finala aurreikusten duzue?

Altuna: Nik partida gogorra espero dut. Iñakik urteak daramatza goi mailan. Faborito Jokin izango da, esperientzia gehiago duelako, baina tokatu izan zaio faborito garbia izan eta finala galtzea.

Iriarte: Konplikatua. Mentalki denerako prestatuta egon behar du finalista batek: erraz galtzeko eta irabazteko, 22-21 irabazi eta galtzeko. Finalean gure lana izango da gure posizio horretatik gure apurra laguntzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!