Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

«Final bat jokatzeko ilusioa eta esperantza behin ere ez da galdu behar»

Imanol Garcia Landa 2025eko maiatzaren 28a

Argazkia: RAUL BOGAJO/FOKU

Aurkari gogorra du Iñaki Artola alegiarrak bere lehen txapela irabazteko. Orain lau urte ezin izan zuen finala jokatu lesio batengatik, eta aurtengoan aukera hori izango du.

Buruz buruko lehen finala jokatuko du Iñaki Artolak (Alegia, 1994) igandean. Orain gutxi jokatu zuen aurreneko lehen mailako finala, binakakoa, eta orduan galdu egin zuen, eta berriro ere txapel baten lehian izango da.

Lehenik eta behin, zorionak, bai aita izan berri zarelako eta baita finalerako sailkatzeagatik. Emozio asko azken egunotan, ezta?

Bai, eskerrik asko. Emozio ikaragarriak, egia esan, eta ez zait erraza egiten jendeak zer moduz galdetzen didanean zer erantzun jakitea. Orain zer edo zer lasaiago, baina lehenengo egun horietan frontoira kasik flotatzen joaten nintzen, eta oraindik ere zentimetro batzuk goraxeago.

Orain gutxi elkarrizketa egin genizun, binakako finala zela eta. Orduan esan zenuen ea beste zenbat finaletara iristeko aukera izango ote zenuen, eta begira, berriz ere elkarrizketa egiten.

Aurreko elkarrizketan eta oraingo hauetan ere esaten ari naiz, Jokin iristen ari den finaletako kopuru horietara ez naizela iritsiko, baina zenbatetara iritsiko naizen ez nuke itxita utzi nahi. Beti dago esperantza hori, eta zeinek esango hain azkar elkarrizketa hau egingo genuenik.

Zer suposatzen du honek guztiak? Ez dago gaizki elkarrizketak egitera ohitzea, ezta?

Ez dago gaizki, ez. Bestaldekoa ere asko izan dugu. Nik beti umeei esaten diet galtzen ikasi egin behar dela, baina kontuz ibiltzeko, ez dela galtzera ohitu behar. Nik hori ere aplikatu behar izan dut. Galtzen ikasita gaude, askotan tokatu zaigu. Hori beste kirol batzuetako kirolariei ere entzun izan diet, onenak ere galdu gehiagotan egiten duela, irabazi baino. Baina final bat jokatzeko ilusioa eta esperantza behin ere ez da galdu behar. Binakakoaren finalaren aurretik ere esan nuen, finalera iristeko gauza askok bat egin behar dute. Nire helburuetako bat bada behintzat hor puntan egotea, txapelaren borrokan ibiltzea. Aurrekoetan finalerdia izan zen, azken bietan finala izan da, eta hor gabiltza behintzat eta horrek asko betetzen nau.

2021ean zu zeu, noski, eta pilotazaleak ere, penaz geratu zineten buruz buruko final hura ez zenuelako jokatu. Orain, iritsi da buelta, eta aurkari beraren kontra.

Bitxia da hori eta polita ere bai. Askotan ari gara aipatzen jokatu ez nuen final hura, baina aipatu beharra dago ere denak bat egin duelako orain. Beti broma bera egiten ari naiz, eta orduan ere esan nuen: «Berriz ere iristen banaiz, ez harritu Jokinen aurka izatea..», baina horrez gain frontoi berean izatea, kasualitate handia da.

Finala Jokin Altunaren aurka jokatzeak zer suposatzen du?

Maila pertsonalean poztu egin nau, ikusten dudalako, distantziatik begiratuta, duela hamaika urte kasik elkarrekin hasi genuela profesionaletako ibilbidea eta hamaika urte ondoren buruz buruko final bat jokatzera goazela biok. Horrek esan nahi du, gutxi gehiago ondo joan zaizkigula bioi gauzak. Orduan izan genituen ametsak gutxi-gehiago betetzen ari garela eta poztu egiten naiz bai berarengatik eta baita niregatik ere. Inguruan sortzen ari den giroa polita da. Jende asko dago bion ibilbidea segitu duena eta jendeari oparitzea nolabait esateko bion arteko final bat, egun eder bat, hori ere poztekoa da.

Kirol ikuspegitik aurkari oso gogorra da, azkenaldi luzeko pilotari onena esango nuke. Ez zen beste gauza bat espero izaterik: final bat edo txapel bat irabazi nahi baldin baduzu, badakizu kontrario onenei irabazi behar diozula, ez dago bestelako lasterbiderik.

Gainera, maila oso handiko finalerdia jokatu du Altunak...

Ez ninduen asko harritu. Jokinek aurreneko partida galdu zuen Larrazabal oso on baten aurka. Iruditzen zait Larrazabalek berriz ere horrela jokatzen badu, edozeini irabaziko diola. Gero, Jokin partida handiak jokatzera ohituta dago, eta egun horietan joaten da motibatuen eta bere onena orduan ateratzen du. Nik Jokin on bat espero dut finalean. Behin ere ez dakizu partidak nolakoak izango diren, eta askotan kontrarioak egun txar bat izan eta oso erraz irabazteko egunak izaten dituzu, baina Jokinekin probabilitate hori asko jaisten da. Ona delako, eta horrelako egunetan bere onena ematen duelako. Badakit nik nire onena atera beharko dudala irabazteko.

Zu zeu nola sentitzen zara?

Ondo. Buruz buruko partidak gogorrak dira. Lau partida jokatzea bada zerbait, eta finalera iristeaz gain, osorik iristea asko da. Beti izaten da molestia txikiren bat, baina ez behintzat bestetan baino gehiago, bi astetan pasako ez den ezer ez, beraz, ondo eta oso motibatuta. Badaude boladak motibazioa elikatu behar duzuna pixka bat, baina final baten atarian ez dago beharrik, berez sentitzen dituzu urduritasunak, berez sortzen zaizu motibazioa, eta horretatik ez zaigu faltako.

Estrategiarik pentsatu duzu finalerako?

Izango banu ere ez nizuke esango, egunkarian jarriko duzula jakinda. Ez naiz gauza konkretutan sartuko; oso garbi dut Jokini asko tokatuko zaiola egunotan niri buruz hitz egitea, eta niri ere bai berari buruz, baina garbi dago norberak egiten duena kontrolatu dezakeela, eta nik neure buruarengan izan behar dut fokua: ahal dudan ondoen iritsi, ahal den freskoena, ahal den motibatuena, nire jokorik onenera gerturatzen saiatu, eta sinistu hori eginez gero irabazteko aukerak izango ditudala. Hortik aurrera, ez dago misterio handirik.

Alegian eta Amezketan sekulako giroa izango da egunean bertan eta aurreko egunetan.

Berezia izango da, bai. Jokin bera final askotara iristen da, eta ez dakit hasiera haietako burrunbarik sortzen ari den Amezketan. Eta nire kasuan agian bai, herri hauetan ez dagoelako jakiterik, baina aurrekoaren bezainbesteko festa eta burrunba sortzea zaila ikusten dut. Aldi berean, final honek baditu aurrekoak ez zituen osagarriak, eta amezketarrentzat ere berdin. Amezketa eta Alegiaren arteko pikeak, agian lehen bezainbestekoa ez, baina segitzen du, eta ederra izango da giroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!