Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Recycling Top topaketa-zikloa berreskuratu du, eta gaur Alegiako Sutargi enpresan izan da, birziklatzearen eta berrerabilpenaren aldeko GK Recycling klusterrarekin batera. Ekimenaren helburua da ekonomia zirkularrean lanean ari diren eragileak elkartzea eta Gipuzkoako «enpresa-sare jasangarriaren balioa agerian jartzea».
Topaketan parte hartu dute Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak zein Trantsizio Ekologikoko Monica Pedreira zuzendariak, eta halako jardueren beharra nabarmendu dute, Sutargi bezalako enpresen «eredu berritzaile eta sozialki konprometitua» goraipatzeko.
Birziklapena ardatz
Sutargik 259 langile ditu eta horietatik 145 desgaitasuna duten pertsonak dira. Enpresak hainbat lan-ildo garatzen ditu, besteak beste, produktu soziosanitarioen fabrikazioa, altzarien diseinua eta DEKOsocial proiektua. Azken horrek egurrezko paletak eta halako materialak berrerabiliz altzari jasangarriak sortzen ditu eta pertsona zaurgarriei prestakuntza eskaintzen die.
Ekonomia zirkularraren aldeko konpromisoagatik, 2024ko azaroan, ASLEk Txemi Cantera Gizarte Ekonomiako Nazioarteko Saria eman zion Sutargiri.
Recycling Top topaketek klusterreko kideei euren esperientziak partekatzeko eta lankidetza berriak eratzeko aukera ere ematen diete. «Gipuzkoan badugu ekonomia zirkularrean indar handiko ekosistema, eta horrelako topaketek sinergiak sortzea eta ereduen garapenean aurrera egitea ahalbidetzen dute», adierazi du Asensiok.