Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

Iñaki Artola finalean izango da

Ataria 2025eko maiatzaren 19a

Iñaki Artola, buruz buruko finala jokatuko duela ospatzen. EITB

Larrazabali 22-12 irabazi zion finalerdia atzo alegiarrak Ogeta pilotalekuan.

Binakako finalean izan ondoren, beste final batean izango da Iñaki Artola: ekainaren 1ean Bizkaia frontoian jokatuko den Buruz Buruko Txapelketakoan. Iker Larrazabali irabazi zion alegiarrak finalerdia, 22-12, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Partida gogorra izan zen, eta bi pilotariek hainbat opari egin zituzten, baina bigarren zatian burutsuago aritu zen Artola eta partida bereganatu zuen.

Aste berezia izan da Artolarentzat. Atzo finalerako txartela lortu zuen, eta ostiralean aita izan zen. «Pasatako astea oso berezia izan da niretzako. Emozio handiak bizitzeko astea izan da, eta garrantzitsuenak bizita nentorren baina falta zen azkeneko puntua jartzea, eta finalerako sailkatuta ikaragarria da», esan zuen alegiarrak EITBko mikrofonoetan partida bukatu ondoren. Orain lau urte ere lortu zuen buruz buruko finalera sailkatzea, baina ezin  izan zuen jokatu lesio batengatik. Orduan Jokin Altuna amezketarrarekin jokatu behar zuen final hura, eta aurtengoan ere horrela izango da. «Ikaragarria da», esan zuen Artolak: «Bizitza ez dago gutxiesterik, ez txarrerako, baina ezta onerako ere. Zeinek esango zuen final hori jokatu gabe utzi eta berriro ere jokatuko nuela, eta gainera aurkari beraren kontra eta frontoi berean. Oso gustura nago; orduan pena handia hartu nuen, baina hura pasa ez bazan, ez dago jakiterik hau pasako ote zen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!