Alegiako Argazkiak proiektua aurkeztu dute

Aitor Arroyo Askarai 2025eko maiatzaren 14a

Zenbait alegiar, proiektua aurkezteko ekitaldian. I. AZPILIKUETA

Alegiako Argazkizaleen Taldeak gauzatu du ekimena. Web orrialde bat osatu dute Alegiari buruzko ondare grafikoa biltzeko eta bilduta dituzten argazkiak herritarrei eskura jartzeko; dagoeneko bisitatu daiteke.

Alegiako ondare grafikoa biltzeko eta herritarrei helarazteko helburuz sortu dute Alegiako Argazkiak web orrialdea eta proiektua. Alegiako Argazkizaleen Taldeak gauzatu du eta Ibon Azpilikueta kideak adierazi du «ekimen herrikoi eta parte-hartzailea» dela: «Herriko argazki zaharrak, istorioak eta eguneroko bizipenak jaso eta erakusteko plataforma izatea da helburua». Dagoeneko bisitatu daiteke alegiakoargazkiak.eus helbide elektronikoan.

Azpilikuetak nabarmendu du webgunea ez dela «hutsetik sortutako egitasmoa»: «2000. urte inguruan, Alegiako hainbat herritarrek Alegiako Argazkizaleen Taldea sortu zuten herriko ondare grafikoa bildu eta partekatzeko asmoz. Hasiera hartan, argazki zaharrak biltzen hasi ziren herritarren laguntzaz, eta bilduma eder bat osatu zuten. Ordutik hona, material hori hainbat egitasmotan erabili izan da: urteroko egutegietan, festa berezietako ekitaldietan edo kabinako erakusketetan, besteak beste».

Hori horrela, jardun hori osatzeko osatu dute web orrialdea, eta hiru helburu nagusi ditu: bildutako irudiak antolatu, zabaldu eta etorkizunerako gorde. «Alegia herri bizia da, eta bere historiaren, egunerokoaren eta istorioen erakusleiho izatea nahi dute webguneak. Ez da gordetako irudien artxibo soil bat izango, baizik eta herritarren memoria kolektiboaren isla, belaunaldiz belaunaldi partekatzeko tresna».

Elkarlanerako deia
Webgune irekia da, eta Azpilikuetak esan du edonork lagun ditzakeela argazkiak ematen, dokumentazioan laguntzen eta dagoeneko bilduta dagoena osatzen, besteak beste. «Norbanakoek zein herriko talde eragileek izango dute lekua egitasmo honetan, eta guztiek izango dute aukera ekarpena egiteko».

Eta, hari berari tiraka, eskerrak eman dizkiete orain arteko ekarpenean parte hartu dutenei, eta dei egin diete herritarrei etorkizunean ere proiektuan laguntzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!