Jende ugari elkartu da Elorri pilotalekuan, Alegia eta Oñatiren arteko kanporaketaren joaneko jardunaldia ikusteko, eskuzko Herriarteko Txapelketan. Alegiak 3-0 irabazi du, eta itxura ona du kanporaketak alegiarrentzat. Kadete mailan, Alegiatik Haritz Leok eta Egoi Garaikoetxeak jokatu dute, eta 22-11 irabazi diote oñatiarrei. Jubeniletan Egoitz agirre eta Josu Collado aritu dira lehian eta 22-19 irabazi dute. Nagusietan Julen Oiarbidek eta Aratz Irazustabarrenak jokatu dute eta 22-17 hartu dituzte mendean oñatiarrak.
Iñaki Artola aritu da alegiarren botilero lanak egiten, eta berak nabarmendu du pilotalekuan egon den giroa: «Oso giro polita izan da, eta hori da Herriarteko Txapelketak lortzen duena. Ikusteko partida bereziak dira eta jokatzen duenarentzako ere bai. Herriko ordezkari izatea pilotarientzako beti polita eta motibagarria da». Partiden lehiakortasuna nabarmendu du artolak: «Zorionez hiru partida on atera dira, eta ez da hori erraza, askotan pilotarien arteko mailan alde handiak izaten direlako. Kasu honetan, jokatzerako bagenekien hiru partidak ere irekiak izango zirela, faborito oso argirik ez zegoela, eta lana egin behar izan dute pilotariek, lan asko, batik bat bigarren eta hirugarren partidetakoek. Nik uste dut Alegiako bi bikoteek egun ona izan dutela eta irabaztea lortu dute». Oñatin jokatuko den itzulerakoa jardunaldia ez dela erraza izango gaineratu du: «Ikusi da hurrengo neurketan berriz ere lana gogotik egin beharko dutela irabaztekotan. Berriz ere hiru partida irekiak izango direla. Beraz, oso pozik, hori horrela izanik, gaur hirurak irabaztea lortu dugulako. Ondo bideratuta utzi dugu kanporaketa, baina hurrengoan ere lana egin beharko dute, eta ezer irabazita ez dago oraindik».
Partida bakoitzari begiratuta, lehenengo partida hiruretan errazena izan dela esan du, baina, aldi berean, lana egin behar izan dutela. «Bigarren partidan, Alegiako Agirrek eta Colladok sekulako partida jokatu dute. Meritua du Egoitz Agirrek egin duen partida, urtean zehar gutxi jokatu du, eta Herriartekorako prestatu da eta ez zaio batere antzeman, oso suelto aritu delako. Azkenean berak erabaki du partida». Hirugarren partida «bikaina» izan dela esan du Artolak: «Oso maila handikoa, afizionatuetan puntako bi atzelari direnekin, eta Irazustabarrenak espero genuen maila eman du. Aspaldi afizionatuetan erakusten ari da onenetakoa dela. Jendea harrituta utzi duena Julen Oiarbide izan da. Partida zailagoa jarri den tarteetan arriskatu eta asmatu egin du, eta ikuskizuna eman du. Gerturatu garen pilotazale guztiek gozatu handia hartu dugu berak egin duen partidarekin».
Itzulerako jardunaldia maiatzaren 9an jokatuko da, ostirala, 18:30ean, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan.
Argazkiak: Ataria eta Ibon Azpilikueta