Duela bi urte Aitor Elordi txapeldun izan bazen ere, Artola zen faborito, eta lehen tantoetan bikain kargatu du etiketa horren «zama». 4-0 aurreratu da alegiarra. Konfiantzaz aritu da, sakean asmatu du eta pilota frontisetik urrun ibili du. Hori bai, ordurako aurreikusten zen partida oso gogorra izango zela, Elordi bikain ari zelako defentsan, bai bolea baliatuz, baita zailtasun handiko pilotak eramanez ere. Asko sufritu behar izan badu ere, mallabiarra partidan sartuz joan da, eta uneren batean, aurretik jartzea ere lortu du.
Partidaren gogortasunaz jabetzeko, nabarmentzekoa da lehen hamaika tantoetan –6-5 Artolaren alde– ia 100 pilotakada jo dituztela. Ondoren, seina, zortzina eta hamaikana berdindu dute; Artolak lan erdiak eginda zituenerako –11-10–, 172 pilotakada zituzten joak, erritmo itogarrian jokatuta, gainera. Partidak gogorrak izan ohi direnean, zaila izaten da kalitate handiko tantoak egitea, baina Artolak eta Elordik hori ere lortu dute; tanto ederrak egin dituzte, besteak beste, gantxoari eta dejadari etekina aterata. Adibidez, ikusgarria izan da zortzina zihoazela, Elordik boleaz egindako hormabikoa.
Artolak, hala ere, lege zaharrean jokatu du. Tanto gehienetan agindu du, baina askotan kosta egin zaio aurreko koadroetan tantoa amaitzeko pausoa ematea; kasik, botez airez baino gehiago jokatu du. Elordik, berriz, aukera izan duen bakoitzean tantoa amaitu nahi izan du.
Azken sei tantoak, segidan
Lehen atsedenaldira aurretik iristea lortu du Artolak: 12-11. Bigarren zatiaren hasiera ez da hain distiratsua izan. Tantoak ere lehen zatian baino laburragoak izan dira, eta elkarri opari batzuk egin dizkiote; besteak beste, bakoitzak sakez falta bat egin du. 15na eta 16na berdindu dute, baina hori izan da azken berdinketa. Azken zatian asko jokatu du alegiarrak, eta sei tanto egin ditu segidan 22ra iristeko, batez ere, ahalmen fisikoa baliatuta; tartean, gantxoz eta dejadaz bi egin ditu jarraian. Azkenean, 22-16 irabazi du alegiarrak, ia ordubeteko iraupena izan duen partida gogorraren ostean. 273 pilotakada jo dituzte guztira.
Tentsio handia nabari zen kantxan, eta horren erakusle, 22. tantoa egin ondoren Artolak egin duen oihua, amorru biziz egin baitu garrasi. Alegiarra «oso pozik» zegoen partida amaitu ondoren. «Ligaxkan irabazten hastea beti da garrantzitsua. Aitorrek asko jokatu du gaur. Pilota luze jotzen nuenean ez nuen lortzen berari buru gainetik pasatzea, eta motzago jotzen nuenean, berriz, aurrera egiten zidan. Hortik ihes egin ezinda ibili naiz, baina oso kontentu nago egindako jokoarekin».
Atseden hartzeko aukera
Artolaren iritziz «ezinbestekoa» zen irabaztea. «Gure multzoa oso gogorra da». Hain justu, final-laurdenetako hurrengo partida Laso eta Peio Etxeberriak hurrengo astean Lekeition jokatuko duten partidako irabazlearen aurka jokatuko du alegiarrak. Apirilaren 26an (Iruñean) edo 27an (Zumaian) ariko da. «Binakako txapelketatik etorri eta ez dut aukera handirik izan entrenatzeko, baina oso gustura nago. Hurrengo bi partidetarako entrenatzeko denbora izango dut orain, eta hori garrantzitsua da», adierazi du.
Gaur, txapelduna
Gaur, bestalde, Jokin Altuna amezketarraren txanda izango da. Egungo txapeldunak, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko du txapelketako bere lehen partida. Final-zortzirenetan Ezkurdia kaleratu zuen Iker Larrazabal amurrioarra izango du aurkari final-laurdenetako ligaxkako lehen norgehiagokan. Altuna izango da faborito. 17:15ean hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da; lehenengoan, Egiguren V.ak eta Aldabek neurtuko dituzte indarrak, B Serieko Buruz Buruko Txapelketan.