Udaletxeko arkupean pixa egitea debekatuta dagoela nabarmendu du Alegiako Udalak

Ataria 2025eko apirilaren 10a

Alegiako udaletxeko arkupea, zikinduta. ALEGIAKO UDALA

Udaletxeko arkupean hainbat pertsonek pixa egiten dutela sumatu du Alegiako Udalak eta, gogorarazi, debekatuta dagoela. Hari berari tiraka, komun publikoak erabiltzeko eskatu du.

Alegiako Udalak udaletxeko arkupean hainbat pertsonek pixa egiten dutela sumatu du eta jarrera hori «onartezina» dela seinalatu du: «Alde batetik, osasun eta higiene ikuspegitik, eremua zikintzen delako; eta, bestetik, ibai ondoko pasealeku alderako pasabidea delako eta haur asko ibiltzen delako eremu horretan jolasean».

Zentzu berean, nabarmendu du indarrean dagoela zibismoaren inguruko ordenantza bat, eta debekatuta dagoela eremu publikoan txiza egitea. Eta hari berari tiraka ekarri du gogora komun publikoak erabilgarri daudela taxi geralekua dagoen plazan, lurrazpiko pasabidearen ondoan, eta horiek erabiltzeko eskatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!