Paula Del Pozo, hirugarren

Ataria 2025eko apirilaren 2a

Duatloiko Espainiako Txapelketa jokatu dute joan den asteburuan; eta hirugarren postuan iritsi da helmugara Paula Del Pozo alegiarra.

Pasa den asteburuan Duatloiko Espainiako Txapelketa jokatu zuten Caceresen (Extremadura, Espainia) eta hirugarren izan da Paula Del Pozo alegiarra. Esprint distantziako proba izan zen eta hurrenez hurren egin zituzten bost kilometro korrika; hogei, bizikletaz; eta beste bi kilometro eta erdi, korrika. 

Emaitza bikaina lortu zuen Del Pozok, une oro aritu baitzen lehen postuen arteko norgehiagokan. Hori horrela, absolutu mailan brontzezko domina irabazi zuen, eta 23 urtez azpikoen kategorian, berriz, Espainiako Duatloi Txapeldun izatea lortu zuen.

Hori gutxi ez, eta emaitza horri esker, Pontevedran (Galizia) jokatuko duten Munduko Duatloi Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du alegiarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!