Bertsolari txikiek oholtza konkistatu dute

Leyre Carrasco 2025eko martxoaren 30a

Goizean jokatu dute Gelatik Plazara ekimeneko Lehen Hezkuntzako finala Alegian; jendetza izan da eta zinema aretoan eta kultur etxean egin dituzte azken saioak.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean Gelatik Plazara ekimena antolatu du eta goizean jokatu dute Lehen Hezkuntzako finala Alegian. Zinean eta kultur etxean egin dituzte azken saioak.

14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskaintzeko aisialdiko ekimena da Gelatik Plazara. Bertsoarekin gozatzeko gune bat izan dute bertso eskoletako gaztetxoek eta Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik plazarako zubi lana egiten laguntzea da asmoa. Horrekin batera, tokian tokiko bertso eskolak saio berean elkartuta ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan dute.

Bi maila ezberdinetan parte hartu dute gaztetxoek: LH mailan eta DBH mailan. 2-4 lagunez osaturiko taldeetan batuta, tokian tokiko bertso eskolak saio berean elkartu eta elkar ezagutzeko aukera paregabea dute saioetan. 250 bertsolari gaztek hartu dute parte antolatu diren hitzorduetan.

Esan bezala, gaur egin dute Lehen Hezkuntzako finala Alegian, eta datorren ostiralean, apirilak 4ean, berriz, DBH mailakoen finala ospatuko dute Azpeitian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!