Udako ludotekarako begirale bila dabil Alegiako Udala

Ataria 2025ko mar. 26a, 09:12

Zenbait haur Alegiako Gaztelekuan; artxiboko irudia.

Interesa dutenek apirilaren 11 baino lehen bidali beharko dituzte curriculumak; haurrek izena emateko epea, berriz, martxoaren 31etik apirilaren 11ra egongo da zabalik.

Alegiako Udalak ludoteka zerbitzua eskainiko du aurten ere. Ekainaren 23an hasi eta uztailaren 24ra bitarte iraungo du, eta 7:30etik 9:30era bitartean haur txokoan zaintza zerbitzua egongo da aukeran. Eskaintza prestatzearekin bat, udalak begiraleak kontratatzeko deialdia ere zabaldu du.

Haurrek izena emateko epea datorren astelehenean —martxoaren 31ean— zabalduko da eta «laster» jakinaraziko dute informazio osagarria, besteak beste, zein jarduera egingo dituzten eta zenbateko kostua izango duen. Apirilaren 11 izango da izena emateko azken eguna eta, bitartean, hainbat bidetatik egin ahal izango da: Alegiako herri eskolatik, Gaztelekuko gurasoen whatsapp taldeetatik, Udaleko kanaletatik eta kultur etxeko harreran ere eskuragarri egongo dira izena emateko orriak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei dagokienean, berriz, aurrerago iragarriko dituzte eskaintzari buruzko xehetasunak, eta aurreratu dute «beraiei zuzendutako jarduera ezberdinak» eta «egun batzuetako irteera egiteko aukera» izango dituztela, besteak beste.

Begirale deialdia
Horrekin batera, ludotekan begirale izateko jende bila dabil Alegiako Udala. Horretarako interesa dutenek apirilaren 11 baino lehen bidali beharko dute curriculuma, eta bi modutan egin ahal izango dute: batetik, udalekuirekiak@kalexka.com helbidera bidalita; eta, bestetik, udaleko erregistroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!