Igandean egingo dute Alegian Gipuzkoako bertso eskolen eguna. Bertsozaletasuna ardatz, lurralde osoko 10 eta 14 urte bitarteko 160 bat haur bilduko dituzte txintxarrien herrian. Hainbat jarduera dituzte prestatuta, besteak beste, bi hitzordu Gelatik Plazara ekimenaren barruan, Lehen Hezkuntzako mailakoen finala eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailakoen kanporaketa.
«Azken egitekoak bukatzen ari gara, baina gutxi gorabehera prest daukagu guztia», horrela hitz egin du Beñat Azaldegi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak, eta gehitu «egun berezia» izango dela: «Gaztetxo kopuru polita bilduko dugu eta egun berezia izango da Alegiarentzat ere. Gure hitzorduaz gain binakako pilota txapelketako finala ere izango dute-eta».
Goizetik arratsaldera
Goizeko hamarrak aldera bilduko dituzte Gipuzkoako hainbat herritako haurrak eta, lehenengo, elkar ezagutzeko jolas batzuk egingo dituzte. Ondoren etorriko da Azaldegiren hitzetan «eguneko plater nagusia»: Gelatik Plazara ekimenaren barruan bi hitzordu izango dituzte, batetik, LH mailakoen finalak; eta, bestetik, DBH mailakoen kanporaketa saioa. Horren ondotik bazkaldu eta, arratsaldean, bertsolaritzarekin lotuta tailerrekin bukatuko dute egitaraua.
Lehenengo oholtza saioak
Gelatik Plazara egitasmoaren barruan hamar saio egin dituzte 10 eta 14 urte bitarteko haurrekin , eta Azaldegik azaldu du gazteek oholtzarekin duten «lehen harremana» dela ekimena: «Eskola arteko txapelketaren aurretik, hezkuntza araututik kanpo gazteek plazarekin duten lehen harremana da».
Sustapen arduradunak adierazi du bederatzi eremutan banatzen dutela Gipuzkoa, eta lekuz leku biltzen dituztela bertako gazteak saio banatan: «Saio hori tokian tokiko areto txikitan egiten da. Tolosaldekoa, adibidez, Villabonako Subijana etxean izan zen. Saio horietatik irabazle bat ateratzen da eta irabazle horien arteko finala egiten da bertso eskolen egunean. Egia esan oso gustura gaude emaitzarekin».
Helburu eta zubi
Gipuzkoako bertso eskolen egunaren helburu nagusietako bat «zaletasun bera duten gazteak biltzea eta elkar ezagutzea» dela ere nabarmendu du Azaldegik: «Finean, elkar ezagutzeko eta gazteak bertsozaletzeko egun egoki bat izatea da xedea».
Eta hari horri tiraka azaldu du, baita ere, «zubi lana» egiteko balio duela Gelatik Plazara egitasmoak: «Gelatik Plazara bukatzen zaien urte berean edo hurrengoan hasten da eskola arteko txapelketarako aukera». Aurten, eskola arteko txapelketan 25 gazte aritu dira bertsotan, eta apirilaren 4an jokatuko dute finala, Azpeitian.
Eskualdeko parte hartzeari dagokionez, Amasako kanporaketan Haritz Murua irurarrak eta Jare Bengoetxea lizartzarrak kantatu zuten, baina ez ziren finalera pasa. Bertan izango da, berriz, Danel Etxeberria tolosarra, Errezilgo kanporaketan kantatu eta saioa irabazi ez bazuen ere, puntuazioz sailkatu zelako.
Orain artekoaz, gogobeteta
Eskola arteko txapelketaren inguruan gogobeteta hitz egin du Azaldegik: «Oso ederra izaten ari da, batez ere elkarteak-eta betetzen ari direlako». Zehaztu du, halaber, ez dela «ohiko bertso afari modeloa» izaten: afaldu egiten dute lehenik, eta ondoren izaten da saioa. «Afariak ondo doaz, eta giro ederra izaten ari da. Espero dugu Azpeitian ere horrela izango dela».
Igandeko Alegiako hitzordura begira, berriz, gogorarazi du ekitaldiak zineman eta kultur etxean izango direla eta haurrentzako izen-ematea itxita badago ere, gurasoak bertaratu daitezkeela: «Animatu daitezela, egun polita izango da-eta».