'Desioen basoa' jarduera egin dute Alegiako Herri Eskolan

Ataria 2025eko martxoaren 12a

'Desioen basoa' jardueran partu hartu duten ikasleak, ikastetxean. ALEGIAKO HERRI ESKOLA

Alegiako Herri Eskolako hamasei ikaslek basoen balioa nabarmentzeko jardueran hartu dute parte. 

Joan den ostiralean, martxoaren 7an, Alegiako Herri Eskolako LH 5. mailako hamasei ikaslek BSTK Basotik Fundazioaren "Desioen Basoa" jardueran parte hartu zuten. Ekimena Gipuzkoako eskualdeetako ikastetxeetan otsailetik martxora egiten ari diren tailer sorta baten parte da, basoen balioa nabarmentzeko eta haiek zaintzearen garrantzia azpimarratzeko helburuarekin.

Bada, Alegiako ikasleek, ordubeteko saioan, ikus-entzunezkoak aztertu, lantaldeetan jardun eta fitxak osatu zituzten. Lehenik, basoen testuingurua aurkeztu eta aberastasuna zein erabilera ezberdinak azaltzen dituzte; ondoren, espezieak identifikatu eta basoen kudeaketaren «garrantziaz» hitz egin zuten; eta azkenik, zuhaitz txiki bat landatu zuten, Gipuzkoako basoekin duten «harremana indartuz». Antolatzaileen hitzetan, tailerrak nabarmendu egiten ditu «basoen onurak, haien erabilera historikoa eta kudeaketa jasangarriaren garrantzia», eta ikasleei ekarpena egiteko aukera eskaintzen die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!