Alegiako Udalak akordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin, aurrerantzean, parte hartzeko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programan. Hitzarmena gaur goizean sinatu dute Alegiako Regina Sorarrain alkateak, Eusko Jaurlaritzako Iñaki Betolaza Farmaziako zuzendariak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Miguel Angel Gastelurrutia presidenteak.
Programaren helburu nagusia da botikak errazago eskuratzea eta tratamendua behar bezala betetzen dela bermatzea, medikazioaren erabilera eta atxikidura hobetuz. Horretarako, herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jarduten dute sendagaiak eskuratzeko, kontserbatzeko eta emateko zerikusia duten alderdi guztietan.
Dosifikazio-sistema pertsonalizatuak
Nola jardungo dute, ordea? Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak programan parte hartuko duten pertsonak aukeratuko lituzke, eta pertsona horiek, aurretik, programan sartzeko baimena eman beharko lukete. Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratuko luke, eta elkarrizketa bat erantzun: bertako erantzunetatik abiatuta fitxa bat beteko lukete hartzen dituen botikei zein osasun-arazoei buruzko informazioarekin. Behin hori eginda, astean edo bi astean behin, farmazialariak dosifikazio pertsonalizatuetan banatuta prestatu eta entregatuko lituzke medikamentuak.
Horretarako, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (DSP) erabiliko dituzte. Horietan, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen pilulak jarriko dituzte, dosia behar bezala hartzeko behar den informazioarekin batera.
Ordezkarien adierazpenak
Alegiako alkateak nabarmendu du udala dela herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea: «Gure lehentasunetako bat da adinekoen ongizatea bermatzea. Oso modu positiboan baloratzen ditugu ekimen horiek, pertsona horien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen baitute».
Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak nabarmendu duenez, etxez etxeko laguntza-zerbitzuek artatutako pertsonen medikazioaren erabilera hobetzeko programa hau abian jartzeak helburu bikoitza du: «Alde batetik, gure gobernu-programa betetzea, farmaziak osasun-agente gisa indartuz eta haiekin lankidetzan arituz; eta, bestetik, pertsonak gure jardunaren erdigunean jartzen ditugu, haien beharrei erantzuteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko».
Alegian 1.859 pertsona bizi dira eta farmazia bat dago. Farmaziako Elena Arratibel arduradunak ere gogobeteta hitz egin du: «Farmaziatik gure aletxoa jarri nahi dugu herritarren osasuna hobetzeko. Programa honen bidez, pazienteek sendagaiak zuzen hartzea lortu nahi dugu, modu okerrean hartzeari lotutako arazoak saihestuz, hala nola, tratamenduaren bikoizketak eta tratamendua ez betetzea».