Helduentzako jardueraren ondotik, haurrentzako eskaintza ere prestatu du Alegiako Argazkizaleen Elkarteak: argazki zaharrekin jolasean erronka. Hainbat jarduera egingo dituzte datozen asteetan eta argazkilaritza analogikoaren oinarrietatik harago, karreteak errebelatzen eta argazkiak papereratzen ikasiko dute.
Ekimena elkarlanean antolatu du argazki zaleen elkarteak, Txintxarri Gaztelekuak eta Iturri Zahar zein Aralarpean guraso elkarteek. Dagoeneko irekita dago izena emateko epea, eta interesa dutenek Gaztelekuaren eta gurasoen elkarteen bidez egin dezake.
Jardueren nondik norakoak
Hainbat saiotan antolatu dute erronka: lehenik, martxoan eta apirilean, garai bateko Alegiako argazkiak emango dizkiete haurrei, eta irudi hori berritzera joan beharko dute parte hartzaileek, kamera analogikoak erabiliz.
Behin hori eginda, maiatzean laborategira sartuko dira, eta karreteak errebelatzen zein irudiak papereratzen ikasiko dute. Aurrerago, berriz, emaitza jendaurrean aurkeztuko dute.
Ibon Azpilikueta Alegiako Argazkizaleen Elkarteko kideak azaldu du jarduerak «egokitu» egingo dituztela haurren adinaren arabera: «Txikienei argazki errazagoak edo hurbilago dauden lekuak jarriko genizkieke; eta helduagoei, berriz, ezkutuan edo urrutiago egon litezkeen irudi eta tokiak». Saioen ordutegi eta egun zehatzak oraindik ez dituzte zehaztu, hain zuzen, parte hartzaileek izena emandakoan adosteko asmoa dutela-eta.
Esanahia duten irudiak
Azpilikuetak nabarmendu du argazkilaritza ulertzeko «beste modu bat» erakutsi nahi dietela herriko gazteei: «Gaur egun argazkietan beti norbera da protagonista, eta besteen irudiei begira bizi gara. Helburua litzateke ingurura behatzeko ariketa moduan aurkeztea argazkilaritza edo, behintzat, aukera hori aurkeztea. Eta, horrela, gure ingurua eta historia ezagutzea».