Gaurko Alegia iruditan izozteko

Aitor Arroyo Askarai 2025eko otsailaren 19a

Kamerak nola erabili ikasi zuten Elduainen, iazko azaroan. LEYRE CARRASCO

Argazkilaritza analogikoari buruzko tailerra egingo dute Alegian martxoan eta apirilean. Guztira hiru saio egingo dituzte eta teknika menperatzetik harago, irudiei «esanahia ematea» izango dute helburu.

Alegiako Argazkizaleen Elkarteak argazkilaritza analogikoari buruzko tailerra egingo du martxoan eta apirilean. Hiru saio egingo dituzte guztira, hurrenez hurren, martxoaren 15ean, 16an eta apirilaren 5ean. Parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea eta, dagoeneko, zabalik dago horretarako aukera. 

Ibon Azpilikueta antolakuntzako kideak azaldu du «batik bat» bi helburu dituela ikastaroak: batetik, argazkilaritza analogikoaren prozesua «ezagutzea eta menperatzen hastea»; eta, bestetik, irudiei «esanahi bat ematea».

Saioetako edukia
Egunez egun eduki ezberdina landuko dute parte hartzaileek. Martxoaren 15ean, adibidez, kamerak ezagutuko dituzte eta, bide beretik, karreteak jartzen eta nola erabiltzen diren ikasiko dute. Horren ondotik, Alegiako kaleetan argazkiak aterako dituzte.

Ikastaroaren bigarren egunean, martxoaren 16an, bezperan ateratako argazkiak papereratuko dituzte. Lehenik, negatiboak nola errebelatu ikasi eta, horren ondoren, paperean inprimatuko dituzte. Azken egunean, apirilaren 5ean, berriz, argazkietatik abiatuta istorio bat kontatzen saiatuko dira.

Teknikatik harago
Azpilikuetarentzat argazkia ateratzeko prozesua borobiltzeko paperera eraman behar da irudia: «Kontua da prozesua pixka bat mantsotzea, eta haren jabe garela sentitzea. Kamerari esan zein irudi eta nola harrapatu behar duen, errebelatu, paperera eraman... Dena eskuz egingo dugu, eta hori zoragarria da».

Pausoz pauso joatea aldarrikatu du antolatzaileak, eta papereratzetik harago, borobiltzeko beste pauso bat ere irudikatu du: irudiekin istorio bat osatzea. Eta, hain zuzen, horixe egingo dute ikastaroan ere: 2025eko martxoaren 15eko Alegiako erretratu bat osatu nahi baitute argazkiekin.

«Argazkiak ateratzerakoan norberak ikusiko du zer kontatu nahi duen», horrela hitz egin du antolatzaileak saioaren inguruan, eta zehaztu du «konpromiso txiki bat» dela: «Herria gaur egun nolakoa den jasoko dugu, eta eskuragarri egongo da baten batek 40 urte barru begiratu nahiko balu ere». Azken emaitza oraindik ez dute erabaki eta hainbat aukera dituzte esku artean, besteak beste, fanzine, aldizkari, album edo erakusketa bat egitea.

Ikastaro irekia
Edukian interesa izan lezakeen edonori zuzenduta antolatu dute ikastaroa, izan herriko, eskualdeko zein eremu horietatik kanpoko. Zentzu horretan, kanpotik etortzen direnen begirada «oso aberasgarria» izan daitekeelakoan dago Azpilikueta: «Guk, agian, ez diogu argazkirik aterako herritarren bati, badakigulako ez zaiola gustatuko edo dena delakoa. Kanpotik datorrenak, ordea, ez du halako galbaherik edo mugarik. Aberasgarria da hori, bestela ez baitugu izango, adibidez, pertsona horren argazkirik».

Herritarrei ateratako irudiekin bezala, kanpotik etorritakoen begirada aberasgarritzat du antolatzaileak herriari buruzko argazkiekin ere. Ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea eta, dagoeneko, zabalik dago epea. Horretarako eta informazio gehiago jasotzeko kulturkabina@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da. Ikastaroak, oro har, 50 euroko prezioa du; eta 30 euro ordaindu beharko dute ikasleek, langabetuek eta erretiratuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!