Benjamin eta alebin kategorietako neska pilotarien eskuzko hirugarren topaketa, Alegian

Ataria 2025eko otsailaren 14a

Bigarren topaketa Tolosako Beotibar frontoian egin zuten. GEPF

Igande goizean dute hitzordua eta bertan 30 bat pilotari elkartuko dira.

Benjamin eta alebin kategorietako neska pilotariek eskuzko beste topaketa batean parte hartzeko aukera izango dute, asteburu honetan: igande goizean dute hitzordua, Alegian. Denboraldiko hirugarren topaketa izango da hauxe: urrian elkartu ziren lehen aldiz, Zestoan; azaroan izan zuten bigarren topaketa, Tolosan; eta abendu-urtarrilean Eskuz Banakako Gabonetako Txapelketa Azkarrean parte hartzeko aukera ere izan zuten, Donostian.

31 pilotarik eman du izena hirugarren topaketa honetan: benjamin kategoriako 18 eta alebin kategoriako 13. Zehazki, klub hauetakoak dira: Abantzu (Zestoa), Aloña Mendi (Oñati), Arrasate, Behar Zana (Amasa-Villabona), Bergara, Gure Txeru (Getaria), Hondarribia, Intza (Lasarte-Oria), Intxurre (Alegia), Izurun (Donostia), Lapke (Lazkao), Oiarpe (Oiartzun), Pagazpe (Usurbil), Tolosa, Txulobi (Aduna) eta Ziotza (Zizurkil).

10:00etan hasiko dira saioak: 10:00etatik 11:15era benjaminak ariko dira, eta 11:30etik 13:00etara alebinen txanda izango da. Aurreko topaketen ildotik joango da igandekoa ere: jolasak, dinamikak, partidatxoak... egingo dituzte. Pilota goxoak erabiliko dituzte, eta federazioak jarriko ditu, eta bertatik azaldu dutenez, ez dago zuriz jantzita joan beharrik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!