Ez da erraza otsailaren 23an, igandea, Alegiako gaztetxean Maialen Lujanbio Zugastik (Hernani, 1976) egingo duen emanaldia deskribatzea; berak ere hala aitortu du. Bertsolari hernaniarrak rr-6-erre(AH)ala ikuskizuna egingo du, 18:00etan hasita. Saioaren sortzaileak azaldu du gaur egungo munduaren errealitatea deszifratu ezinean eta txikizioan duela jatorria izenak. Betidanik bertsogintzara lotuta ibili bada ere, aitortu du emanaldi honek ez duela bertsogintzaren kortserik.
Alegian egingo duzun emanaldiak, 2018an du jatorria. Orduan egin zenuen lehen aldiz 'rr' emanaldia. Zer izan zen eta zer dela eta sortu zenuen?
Duela zazpi urte, emanaldi bat egiteko proposamena jaso nuen Feministaldiatik, XIII. Kultura Feminista Jaialdirako. Ordurako, bat-bateko bertsogintzaz aparte, bestelako proiektu askotan aritua nintzen, eta ordura arte ondutako guztia bateratu eta forma emateko aprobetxatu nuen aukera. Jaialdiaren edizio hartako leloa Okerrak izan zen, eta nire kasuan, r letraren ahoskera, eta batez ere, irudikatu dezakeen mugimenduaren soinua edo dardara soinua oso bereizgarriak ziren. Horregatik sortu nuen rr. Garaiaren mugimenduaren erradiografia bat egitea zen ideia. Izen egokia zen, nirekin bat zetorren hotsa zelako. Mundu guztiak berdin ahoskatzen eta ikusten ez dugun letra bat da, eta guztiok berdin irakurtzen ez dugun errealitate bat. Ideia horrek, dardara horrek, guztia marko berean batzen zuen. Horren barruan, nik bilatu nuen modua kasik edozer gauza sartu ahal izateko.
2022rako, berriz, Miren Artetxek eskatuta, saioa berreskuratu eta 'rr#5 marrak' izenekoa sortu zenuen, eta bira txiki bat egin zenuen. Lehen emanaldi haren beste aldaera bat izan zen, ezta?
Berez, ez nuen aurreikusten ikuskizun soil bat bihurtzea, baina serio jarri nintzen, eta lanketa bat egitea pentsatu nuen, ideia horri forma emateko. Lehen emanaldiarekin lau saio egin nituenez, 5 zenbakia jarri nion izenburuari. Azpititulua, berriz, marrak izan zen. Marrak ziren emanaldiaren ardatza, zentzu estetikoan, baina garaiko ardatz ideologikoen inguruan hitz egiten nuen, eta beraz, marrak ardatzak ziren, hori bai, modu artistikoan. Ideia estetiko bat ematen zuten marrek, eta ni gai desberdinen inguruan aritzen nintzen. Gero ez zen zuzenki hain ideologikoa eta hain esplizitua, eta umorea ere bazuen. Aldaera horren ondorioz, rr emanaldi bilakatu zen. Iaz, berriz akuilatu ninduten, kasu honetan, Loraldiakoek, eta berriro emanaldiari heltzea erabaki nuen. Beste buelta bat eman nion kontzeptuari, eta horrela sortu nuen rr-6-erre(AH)ala.
Zer da?
Ez da gai zehatz baten inguruko emanaldia. Tituluak dioen bezala, aditzera eman nahi du gaur egun mundua kiskaltzen eta guztia txikitzen ari dela, ari direla edo ari garela. Erretzeko ahalmenari egiten dio erreferentzia. Mundua kiskaltzen ari gara, erre ahala, erre ahal dugun bezainbat. Eta badago erreala denaren irudi hori. Zer da mundu erreala eta zer ez? Egungo munduaren errealitatea deszifratu ezinetik eta txikiziotik dator izena. Horrela esanda oso dramatikoa dirudi, eta noski, hala da, baina era berean, emanaldia hori baino artistikoagoa da. Egiten dudan irakurketak badu ideologia bat, baina ez da analisi politiko bat, ezta diskurtso bat ere; gaur egungo gaiei buruzko askotariko pieza testualak egiteko eta horiekin jolasteko aitzakia bat da.
Helburua, beraz, entretenitzea da? Ala hausnarketa eragitea?
Denetik pixka bat, bertsotan bezala. Guk performance bat dela esaten dugu, baina errezitaldi bat ere bada. Bertso saio batean eduki asko lantzen dira, batzuk seriotasunetik, zorrotz eta zuzen, eta beste batzuk, fikziotik edo umorearekin lotuta, baina muinean, bertso saio bat da. Hemen ere gauza bera gertatzen da. Analisirako gogoa dut, baina betiere, modu plastikoan, artistikoan, hitzekin jolastuz, eta ez dut ordubeteko diskurtsoa izatea nahi. Orduan, formak desberdinak dira, hitzak modu desberdinetan lantzen ditut eta gai desberdinak jorratzen ditut. Ez da analisi puru bat, gauza artistiko bat da, jolas bat.
Azaldu mesedez zer den errezitaldi poetiko-bertso-performatibo irakurri ikus-entzutekoa.
Nola deitu ez dakidan gauza bat izendatzeko irtenbide bat da. Egingo dudana ez da bertso saio bat. Maialen Lujanbio ikusiz gero, bertso saio bat irudikatzen duzu, baina Maialen Lujanbio bakarrik ikusiz gero, badakizu ez dela bertso saio bat, eta orduan, bertso jarrien saio bat irudikatzen duzu, baina hori ere ez da. Akaso, zuzenena da hitzen performance bat dela esatea, baina horrek ere lotsa apur bat ematen dit, handiusteko hitza izan daitekeelako, eta hori bakarrik ere ez da. Emanaldiko hitz guztiak esanak edota kantatuak dira; bertsoak daude, testuak hitz lauz, soinudun poesian, hitz jokoak, irakurtzeko testuak, soinuak, musika... elementu desberdin asko daude eta era berean, oso soila da. Denetik dauka, eta ez dut lortu hori guztia laburtzen duen hitzik.
Ikustekoak eta entzutekoak aipatzen dituzu. Bideorik egongo al da?
Ez. Ikustekoak eta entzutekoak badaude, grabatutako letrak, soinuak eta hitzak entzungo dira, baina ez dago ikus-entzunezkorik. Kasu horretan ere, emanaldi soila izango da, nire estilora.
Hitzez eraikitako errezitaldia eskainiko duzu, soila, hutsa eta betea. Emanaldiaren lehengaia hizkuntza da, eta erregistro desberdinetan erabiliko duzu.
Soila da, batetik, ni bakarrik egongo naizelako; ez dut aparteko ezer egiten. Aurrez grabatutako testu batzuen laguntza daukat, baina guztia da hitza. Hitz horiek forma desberdinak hartuko dituzte: bertsoak, dagoeneko bertsoak ez diren testuak, testu arruntak, edota soinudun jolasak, fonetikoak. Aurrez grabatutako testuekin sortutako elkarrizketak ere badaude. Pieza desberdinek osatzen dute emanaldia. Bakoitzak izateko era bat du, plastikotasun bat, eta bakoitzean, hizkuntza modu desberdinean tratatuta dago.
Emanaldiaren izenburua bitan banatzen duzu. Batetik, /r/ hots zehaztugabea garai zehaztugabeetarako, eta bestetik, /r/ soinu dardarkaria garai dardaratuetarako. Zergatik?
Emanaldiari jarri diodan goiburua da, fonetikatik abiatuta, testuinguruan kokatzeko. R fonemaren bi deskripzio dira, idazkera fonetikotik hartutakoak. Bere garaian, oso interesatua egon nintzen fonetikan, eta fonetikaren azalpen guztia oso poetikoa da: nola idatzi nahi den soinu bat, berez, ezin dena idatzi. Hortik zehaztugabea izatea. Zuretzako r bat da, baina niretzako beste bat. Fonetikaren ikuspegitik, r letraren hotsa, teknikoki, dardarkaria da.
Edukiari dagokionez, inguratzen gaituzten gaiez ariko zara. Saio batetik bestera aldatzen doaz?
rr-6-erre(AH)ala ikuskizunak badu enbor nagusi bat. Ez dut dena aldatzen emanaldi batetik bestera; hala ere, esango nuke, bi berdinak ez ditudala egin oraindik. Gauza potoloenak ez dira aldatzen, baina ordenak eta pieza txiki batzuk aldatzen ditut, urteko garaiaren edo lekuaren arabera. Leku batzuetan, ziurrenik, egokiagoak irudituko zaizkit pieza batzuk.
Herriaren edo tokiaren arabera, beraz, emanaldia desberdina da.
Bai. Gasteizen eta Alegian ez da berdina izango, aurreikusten dudan soziologiagatik edo soziolinguistikagatik. Hala ere, aldaketak txikiak dira. Bertsotan aritzen garenean ere, gure espiritua da guztientzat aritzea; ez naiz ari Alegiakoentzat, Gasteizkoentzat edo Ziburukoentzat, baina leku bakoitzean hitzak, ideiak edota kontzeptuak aldatzen ditut.
Zuk esana da emanaldi hau, espirituz, bertsolaritzaren ikuspuntutik egina dela, baina zertan desberdintzen da bertso saio batetik?
Ez dauka zerikusirik. Batez ere, ez delako bat-bateko saio bat; testu guztiak landutakoak dira. Hori da desberdintasun nagusia. Egia da posible dela emanaldian bertan bat-bateko erabakiak hartzea. Orotariko genero testualak biltzen dituen emanaldia da, nik sortu eta landu ditudanak eta nire modura egiten ditudanak. Alde horretatik, oso librea da.
Toki guztietara bertsogintzatik abiatzen banaiz ere, emanaldi honek ez dauka bat-bateko bertsogintzaren kortserik. Bertsoak ezagutzen dituen edonork antzemango du bertsoa dagoela emanaldiaren ardatzean, errima dagoelako, erritmoa dagoelako, metrikak daudelako. Hauek, baina, ez dira hertsiki bertsotakoak, baizik eta hartu, erabili, puskatu, luzatu edota aldatu ondoren sortuak. Hala ere, jatorrian badago bertsoa, eta noski, ez diot uko egiten horri, hortik natorrelako, hortik noalako toki guztietara, eta hortik etortzen naizelako bueltan.
Eroso sentitzen zara ohiko bertso saioetatik kanpo?
Barregarria dirudi, baina 2009an, Orniturrinkus izeneko emanaldi bat egin genuen, musika esperimentalarekin. Bertso mundutik ikusita, eta garaia zein zen kontuan hartuta, muturreko gauza bat zen. Jendaurrean jartze hutsa, eta ondoren, emanaldian zehar egiten genuena, askoz esperimentalagoa zen. Gaizki pasatzen nuen. Trantze latza izaten zen, baina era berean, nahi nuen egin, eta egiten nuen, eta ondoren, ondo sentitzen nintzen. Hala ere, oso gogorra egiten zitzaidan, nigatik, eta jendearen espektatibengatik.
Ordutik, antzeko gauza asko egin ditut, eta azkenean, zaildu egin naiz, baina bertsozale askok ez dauka horren berri; ni oinez ikuste hutsagatik ere, harritu egiten dira, ia denek ikusi nautelako oholtza batera igotzen. Ondorioz, barregarria da, nire ibilbidea jarraitu ez dutenentzat apurtzailea delako; jarraitu nautenentzat, aldiz, ez da batere arraroa. Gaur egun, emanaldi hau nire neurrira antolatu dudanez, nahiko eroso sentitzen naiz, eta ez dut gaizki pasatzen. Hala ere, neure burua ere behartzen dut erosoegi ez egoten, eta estuasunen bat edo beste pasa behar izaten. Oso gustura nago erabat eroso egon gabe ere, bestela aspertu egingo naizelako.
Emanaldien ondoren, izaten duzu ohiturarik ikusleekin saioaren inguruan hitz egiteko? Hala bada, nolako erantzuna izaten duzu?
Publikoak, akaso, ez du espero horrelako ikuskizun bat nigandik, nahiz eta egiten dudana ez den batere apurtzailea. Berritzailearen kontzeptua asko erlatibizatzen dut. Hau ez dut egin zerbait berria egin nahi nuelako, ezta inor harritzeko ere, bat-bateko bertsogintzatik aparteko bestelako formak landu eta arakatu nahi nituelako baizik, eta horrek, gauza batzuk beste era batera esatea ahalbidetzen didalako. Nire esanahiak eta esateko moduak lantzeko egin dut, eta noski, jendeari zerbait esateko gogoa dudalako. Bertsogintzak beti uzten dizu gogo hori barruan, eta barruak ere eskatzen dizu gauzak beste era batera esatea. Askorentzat harrigarria izaten da; sorpresa handia hartzen dute. Oro har, publikoaren erantzuna oso pozgarria izaten ari da niretzat.
Iruditzen zaizu emanaldiak aurrerago beste aldaerarik izan dezakeela?
Batek daki! Etengabe ari naiz emanaldi batetik bestera aldaketak egiten eta gauza berriak pentsatzen. Ia obsesiboa bilakatu daiteke hori. Hala ere, pieza bakoitzak bere denbora behar du. Maiatzean emanaldi honekin jarraituz gero, ziur gauza batzuk aldatuta egongo direla; astero egiteko ere oso exijentea da. Perspektibarekin ere hartu behar da; aktualitateko gaiak direnez, zahartu egin daitezke, eta azkenean, zerorri aspertu egiten zara. Zorionez, inork ez nau bultzatu hau egitera, eta ez nago behartuta; jendeak erantzunez gero, jarraituko dut. Gustura ari naiz eta ederra izaten ari da orain artekoa. Ederrena da nire gauza orotarikoak, elkarren artean hizkuntza bat sortu dutenak, sartu ahal izateko marko bat topatu dudala.

