Edukiontzi bat jarri du Alegiako Udalak, berariaz, txakurren gorotzak botatzeko

Ataria 2025eko otsailaren 5a

Ezkerrean, errefusa edukiontzi bat, pegatinarekin; eskuinean, gorotzen banderatxoak. ALEGIAKO UDALA

Udalak identifikatu du kaka asko pilatzen direla Kalegoratik Aforalekurako bidean, eta bertan jarri dute edukiontzia.

Alegiako Udalak beste pauso bat eman du txakurren gorotzen aferaren inguruan. Kakak topatzen dituzten puntuetan banderatxoak jartzen hasi zen duela aste batzuk eta, orain, errefusa edukiontzi bat jarri dute berariaz, txakurren jabeek gorotzak bertara bota ditzaten. Udalaren esanetan jabeei «erraztasunak» ematea da helburua.

Antza, Kalegoratik Aforalekura bidean «kaka asko» pilatzen da, eta bertan jarri dute edukiontzia. Horrez gain, Alegiako Udala kaleko edukiontzi txikien inguruko berrikusketa bat egiten ari da, besteak beste, berriak jarri edo daudenak lekualdatu behar diren. Lanketa horren barruan sartzen da errefusa edukiontzi grisena ere, eta nabarmendu dute bertara bota behar direla txakurren hondakinak.

Lanketaren barruan, errefusa edukiontziei «Zure txakurra, zure ardura» esaldia daramaten pegatinak jarri dizkiete, eta jabeei «erantzukizunez» jokatzea gogorarazi: «Udalak bere baliabideak jartzen dituen neurrian, txakur jabeei arduraz jokatzeko eskatu nahi die eta har dezatela dagokien erantzukizuna».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!