Ehundik gora animalia basati, Alegiako telefono kabinan

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urtarrilaren 29a

Argazkiak atera dizkie ugaztunei, hegaztiei eta intsektuei, eta udaberrira bitarte egongo dira jendaurrean.

Denetariko animalien irudiak daude ikusgai Kabia Kultur Kabinan eta Hilario Berri tabernan; 160 irudi dira, guztira, eta Joseba Alberdi argazkilariak atera ditu.

Erakusketa berria dago ikusgai Alegiako Kabia Kultur Kabinan: Basafauna. Joseba Alberdi argazkilariaren 160 iruditan mota guztietako izakiak topa daitezke: luma eta mokodunak, iletsuak eta baita lau hanka baino gehiagokoak ere. Horietatik 120 argazki jaso dituzte telefono kabinaren barruan, eta Hilario Berri tabernan daude beste 40 bat. Dagoeneko prest dago erakusketa eta, Ibon Azpilikueta antolatzailearen arabera, ikusgai egongo da gutxi gorabehera udaberrira bitarte.

«Animaliaren bat edo beste errepikatzen da, baina argazki ia guztiak ezberdinak dira», horrela hitz egin du Azpilikuetak erakusketaren inguruan. Eta bide beretik gehitu du «gehien-gehienak» Euskal Herrian topa daitezkeen animaliak direla: «Bertako animaliak dira edo, behintzat, hemen bizi izan direnak».

Azkoitiarra alegian
Sortzez azkoitiarra, gaur egun Durangon (Bizkaia) bizi da Joseba Alberdi eta zaletasunez ateratzen dizkie argazkiak animalia basatiei. Momentuz egilea bertaratu ez bada ere, Azpilikuetak aipatu du aurrera begira gustatuko litzaiokeela hitzorduren bat antolatzea argazkilariak irudiei buruzko xehetasunak azaltzeko.

Pirinioetan egin zuten topo lehenengoz Alberdik eta Azpilikuetak, eta noizbait aritu dira elkarrekin argazkiak ateratzen ere: «Naturazale handi baten argazkiak dira, eta lan handia eskatzen dute. Guztiak banan bana ateratakoak dira, eta 160 argazki, 160 istorio dira». 

Armarik gabeko ehiztari
Antolatzaileak nabarmendu du ez direla halabeharrez ateratako argazkiak: «Propio bilatutako eta landutako argazkiak dira; ez dira mendian kasualitatez topatzen dituzun animaliak». Eta hari berari tiraka gehitu du ikerketa lana ere eskatzen dutela: «Animalien bizimodua ezagutu behar da, eta jakin non egon daitekeen, zein garaitan eta abar».  Horren adibide da, besteak beste, belatz handi bati txitak elikatzen ateratako argazkia: «Txitak non dauden jakin behar duzu, momentua harrapatu... Ez da nolanahiko kontua. Ez da besterik gabe kamera hartu eta mendira joatea». 

Eta ikertzeaz gain, zenbait irudi lortzeko «material indartsua eta aurreratua» behar dela ere azaldu du, adibidez, saguzarren argazkiak: «Aparatu batek sumatzen du animalia noiz pasatzen den eta horrek automatikoki ateratzen du argazkia». Horrez gain, Azpilikuetak azaldu du, orokorrean, teleobjektiboak erabiltzen direla: «Intsektuen kasuetan izan ezik, argazkiak urrunetik atera behar dira, animaliak, normalean, izuak izaten direlako».

Kabinaren hurrengo erakusketaren inguruan, berriz, antolatzaileak adierazi du «oraindik» ez dutela zehaztu gaia edo noren irudiak izango diren eta, zentzu horretan, elkarlanera gonbidatu du interesa izan lezakeen edonor. Harremanetan jartzeko, berriz, kulturkabina@gmail.com helbide elektronikora idazteko deia egin du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!