Alegiako Udalak 4.305.712 euroko aurrekontua izango du aurten, zehazki, joan den urtean baino 735.898 euro handiagoa. Iazko abenduaren 23ko osoko bilkuran aho batez onartu zuten aurrekontuaren proiektua, Aurrera Alegia taldearen zein EH Bilduren aldeko botoekin.
Aurrekontuaren 4,3 milioi euro horietatik inbertsioetara bideratuko dute ia erdia, zehazki 1.937.500 euro, hots, %45. Eta inbertsioetarako zenbatekoa, berriz, ia osorik zuzenduko dute osasun zentroa eta eraikin horrek bere baitan biltzen dituen azpiegiturak berritzera. Lan horiek gauzatzeko 1.811.000 euro jaso dituzte eta hiru arlo bereizi izango dituzte: batetik, osasun zentroa berrituko dute —bukatutakoan azalera ia bikoitza izatea aurreikusi dute—; bestetik, igogailu bat jarriko diote; eta, azkenik, azpian dagoen erretiratuen taberna edo elkartea ere berrituko dute.
Eraberritzean zentroari pisu bat gehiago gehituko diote eta eraikina errepide aldera hazi edo zabalduko dute. Horrez gain, gaur egun erretiratuen tabernak okupatzen duen azaleratik metro batzuk ere hartuko ditu. Regina Sorarrain alkateak adierazi du Alegiaren «erronka nagusietako bat» dela osasun zentroa berritzea: «Herritarrentzako lehentasunezkoa da, eta ez alegiarrentzat bakarrik, hamaika herriri ematen baitie zerbitzua. Erronka handia da, eta arduraz hartu behar da».
Aurten proiektua esleitu eta obrarekin hasteko asmoa dutela ere zehaztu du Sorarrainek: «Udaren ondoren hastea aurreikusten dugu. Urtarrilean gaude eta lanketa handia eskatuko du administratiboki, teknikoki eta politikoki». Azken bi urteetan ere jaso dute dirua proiektua gauzatzeko, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailetik hurrenez hurren 246.000 eta 195.000 euro jaso zituzten 2023an eta 2024an.
Kultura eta ondarea
Osasun zentroko berritzeaz gain, dirua bideratuko dute beste hainbat esparrutan ere, kasurako, 46.000 euro zuzenduko dituzte kultur etxean espazio berri bat egokitzeko. Alegian «zorionez jarduera asko» antolatzen dituztela aipatu du alkateak eta horiek askotan bat egiten dutela ordutegian eta espazioan. Hori horrela, «lekuz larri» ibiltzen direla ere aitortu du, eta arazo hori konpontzeko litzateke espazio berria. Gaur egin Gaztelekuaren alboan dagoen lokala egokitzeko asmoa dute, aurrerantzean, erabilera anitzeko areto moduan eskuragarri jartzeko.
Horrekin batera, beste 40.000 euro bideratuko dituzte Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Berezia berritzeko. Sorarrainek azaldu du Alde Zaharrak «trataera berezi bat» behar duela, dituen ezaugarriengatik, eta 2012ko planean zehazten zela zortzi urteren buruan berrituko zutela plana: «Aurreko plan hark zehazten zuena betetzera goaz».
Inbertsioa azpiegituran
Iaz bideak konpontzeko gorde zuten finantzazioaren zati bat, eta aurten beste lanketa bati ere helduko dio udalak: lurren mugak digitalizatzea. Hori gauzatzeko 30.000 euro bideratuko dituzte, eta Sorarrain alkateak garrantzitsutzat du gaia: «Ezagutza hori galtzen ari da, eta askotan ez datoz bat agirietako xehetasunak eta eremuaren benetako azalerak. Helburua kontu horiek argitzea eta ordenatzea izango da».
Lanketa bera beste hainbat herritan ere gauzatu dela ekarri du gogora alkateak, eta nabarmendu beharrezkoa izango dela elkarlana udalaren eta jabe pribatuen artean.
Aho batez onartuta
Aurtengo aurrekontuak aho batez onartu ditu udaleko gobernuak, Aurrera Alegia taldearen zein EH Bilduren aldeko botoekin eta oposizioari eskerrak eman dizkio alkateak: «Egoera ulertu dute eta garbi dago erronkak guztionak direla. Ez da une honetan gobernuan dagoen taldearen apeta, guztion intereserako lanketak dira». Hain zuzen, hainbat bilera egin dituzte aurrekontuak lantzeko, eta osasun zentroa berritzeko obra bi taldeen programan zegoen hauteskundeen kanpainan.
Zentzu horretan, bi taldeen arteko elkarlana herriarentzat «oso positiboa» izango delakoan dago alkatea. Hari berari tiraka, eskerrak eman dizkie udaleko langile guztiei iaz egindako lanagatik: «Talde lana da gakoa, eta hori gabe ezin da aurrera egin».